Hertzainak taldearen ‘564’ abestia kantatzera joateko deia egin dute

Barren.eus 2019ko abe. 19a, 14:54

Herritar talde baten ekimenez, Hertzainak taldearen '564' abestia kantatuko dute presoen alde abenduaren 24an, eta kantaldi horretan ahalik eta herritar gehienek parte hartzea nahi dute.

 Instrumentuak jotzen dakitenek instrumentua eraman dezakete kantariei laguntzeko. 20:00ak alderako jarri dute hitzordua, Kalegoen plazan.
Elgoibarren bakarrik ez, presoen senideei eskainia dagoen Hertzainak taldearen ‘564’ abestia hainbat herriko plazatan zabalduko dute 'Ohe Hutsak' ekimenarekin bat eginez. Eta hainbat musikari ere batu dira ekimenera. Elgoibarren, Ehun Kilo taldeko abeslari Jon Zabalak plazan izango dela esan du, eta halaxe adierazi dute Judas Argarate taldekoek, Jon Gurrutxagak eta baita Juli Arregi eta Agurtzane Garciak ere. Inguruko herriei dagokionez, Su Ta Gar taldeko Xabi Bastidak eta Aitor Gorosabelek Eibarren abestuko dute, Jurgi Ekiza musikariak Baionan, Josu Zabalak Otxandioko plazan, Eñaut Elorrietak eta Gatibu taldeko Haimar Arejitak Gernikan, e.a.

Josu Zabalak eta Iñaki Garitaonandia "Gari"-k hiru kontzertuko bira egin zuten Hertzainak taldearen abestiekin, udazken hasieran, Bilbon. Ondorengo bideoan 564 kanta jo zutenekoa, Bilboko Kafe Antzokian eman zuten kontzertuan.