Adikzioen prebentziorako plana berrituko du Udalak, herritarrekin elkarlanean

Barren.eus 2019ko abe. 16a, 16:02

Elgoibarko Udalak adikzioen prebentziorako plana berrituko du, lehendik daukan droga menpekotasunei buruzko plana zaharkituta geratu delako. Gizarte Zerbitzuetako Sailak 2019-2023 legealdian zehar martxan jarriko duen ekintzarik garrantzitsuenetarikoa izango da.

Plana idazteko eta prozesua dinamizatzeko Sasoia S.L. enpresako profesionalen laguntza izango dute. Idoia Uribarri Gizarte Zerbitzuetako teknikaria, Ane Beitia alkatea, Sasoia S.L.-ko Ixone Akarregi eta Blanca Larrañaga Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia izan dira prentsaurrekoan.

Elgoibarko Udalak adikzioen prebentziorako plana berrituko du, herritarrekin elkarlanean. Besteak beste, herriko errealitatearen diagnosia egingo dute, eta helburu nagusia izango da drogen kontsumoa eta bestelako adikzioak sahiestea, hala nola, ludopatia edota Internetekiko adikzioa ere. Herritarrak menpekotasunen arazoen aurrean sentsibilizatu eta hezi nahi dituzte, eta era berean, aisialdi osasuntsua sustatzen saiatuko dira.  Udaleko arduradunek uste dute lan honetan komunitate osoaren inplikazioa ezinbestekoa dela, horregatik lanketa hau herriko talde eragile, agente sozial eta gaiarekiko interesa duten guztiekin egingo dute, modu parte-hartzailean. 

Lau etapa

Plan hau la etapa edo fasetan egingo dute: Lehenengo pausoa egungo egoeraren diagnosi integral bat egitea da.  Diagnosi honek udalerrian drogen kontsumoarekin eta bestelako adikzioekin (bideojokoak, apustuak, sare sozialak…), zein hauei loturiko arrisku eta babes faktoreekin lotutako errealitatea ezagutzeko balioko duela azaldu du Sasoian enpresako Ixone Akarregik. Diagnopsi hori egiteko pauso batzuk eman dira dagoeneko, izan ere, 12 eta 25 urte tarteko herriko ikastetxeetako ikasleei bere bizi-ohituren, kontsumoen eta bestelako erabilpenen inguruko 986 inkesta egiten ari zaizkie.

Horrekin batera, udalaren web orrialdean banner bat ipiniko da, gaiaren inguruko inkesta batekin, herritar orok bere iritzia emateko aukera izan dezan. Erabiltzaileek, urtarrilaren 30era arte bete ahalko dute inkesta hori, esteka honetan:  https://labur.eus/I32Vi . Behin iturri bietako informazioak jasota, urtarrilaren bukaeran, foro desberdinak antolatuko dituzte, jasotako emaitzen inguruan hausnartzeko. T Foro hauetara herriko eragile, elkarte, udal langile eta politikariak gonbidatuko dituzte, beste beste. Helburua proiektu komun bat egitea da, denon artean osatutako plan bat eratzea eta herritarrek ere, proiektua beraiena dela sentiaraztea. Azken fase baten, etorkizunean, osasunerako prebentzio, sentsibilizazio eta hezkuntza zein arlo komunitarioan garatu daitezkeen neurri zehatzagoak definituko dira, ulertuta, adikzioen prebentzio komunitarioa gizarte elgoibartarra osatzen dugun eragile guztion lana dela.

Adikzioen Plan berria osatzea, Udalak, Gizarte Zerbitzuetako sailari dagokionez 2019-2023 legealdian zehar martxan jarriko duen ekintzarik garrantzitsuenetarikoa da, eta ondo bidean, udaberri alderako prest egotea aurreikusi dute sustatzaileek.