Haizeak kalteak eragin ditu Elgoibarko hainbat gunetan

Barren.eus 2019ko abe. 13a, 18:21

Azken orduetako denboraleak hainbat kalte eragin ditu Euskal Herrian, eta Mendaron eta Elgoibarren ere igarri da. Mendaron euriak eragin ditu kalteak goizaldean, eta Elgoibarren haizeak kalteak eragin ditu hainbat gunetan.

Haizeak trenbide gainera botatako zuhaitz baten ondorioz, hiru bat orduan etenda egon da, goizean, Mendaro eta Elgoibar arteko tren zerbitzua. Elgoibarren, herrigunean ere bota du haizeak zuhaitz gazte bat, San Inazio kalean. Eta, kalte handiagoak izan ditu gasolindegi baten teilatuak, haize bolara bortitz batek teilatuaren azpikalde guztia atera baitu bere lekutik, Mercadona supermerkatuaren ondoan ireki berria den gasolindegian, hain justu ere. Gainera, solte gelditu diren teilatuko xaflek arriskua sortu dute, aise mugitzen baitzituen haizearen indarrak. (ikus bideoa)

 • Eskola Kirola, bertan behera
Elgoibar Ikastolako eraikinean ere eragin ditu kalteak haizeteak. Haize bortitzaren eraginez aparkalekura ematen duen beirate bloke bat mugitu dela jakinarazi dute ikastetxetik, eta segurtasuna mantentze aldera, asteburuan Ikastolan jokatzekoak ziren Eskola Kiroleko partidak bertan behera lagatzea erabaki dute, Elgoibarko Eskola Kiroleko arduradunekin batera hartutako erabakian. Gaurko entrenamenduak ere bertan behera laga dituzte. 

2019 12 13 haizea kalteak elgoibar zuhaitza