EH Bilduren kritika Mugikortasun Iraunkorraren asteari

Barren.eus 2019ko abe. 12a, 21:35

Elgoibarko Udalak Mugikortasun Iraunkorraren astea izendatu du hau, abenduaren 9tik 15era artekoa, kaleak oinezkoentzat berreskuratu eta erdigunean auto pribatuen presentzia gutxitzeko asmoz. EH Bildutik ontzat eman dute ibilgailuak erdigunetik ateratzea, baina horren ondorioak kontuan ez hartzea egotzi diote Udalari.

“Udalak modu alde bakarrean hartutako erabaki horrek kalteak eragin dizkie herriko merkatariei, haserreak eta ezinegonak eraginez”, adierazi du Elgoibarko EH Bilduk. Horren harira esan dute merkatari txikiek “nahikoa zailtasun” dituztela beraien egunerokoan, Gabon sasoian, irabaziak izan ditzaketen sasoian, zailtasun handiagoak ipintzeko. Arazoari “adarretatik heldu eta konponbide integrala” aztertzeko eskatu diote Udalari. “Urteko zazpi egunetarako hartzen diren neurriek itxura egiteko balio dezakete eta herritarrak kontzientziatzeko, baina ez dira benetako soluzioak”. Mahai bat sortzea proposatu diote Udalari eta mahai horretan arlo guztietako eragileek parte hartzea. Bi neurri ere proposatu dituzte: herri autobusa martxan jartzea eta industrialdeetara langileak eramateko autobus publikoak jartzea.

Domekara bitartean oinezkoei eman nahi zaie protagonismoa Mugikortasun Iraonkorarren astean. Horretarako, alde zaharreko kaleak itxi egin dituzte motordun ibilgailuentzat. Aurreko urteetan bigarren eskuko merkatua ere antolatu izan dute eta Udaletik jakinarazi dute aurten ere egiteko asmoa zutela, baina azkenean, arazo tekniko batzuk tarteko, ezin izango dutela.

∞ Lotura duten albisteak: