Elikagai bilketa egingo dute gaur eta bihar Elgoibarren

Barren.eus 2019ko aza. 22a, 10:00

Beste urte batez, elikagai bilketa egingo du Gipuzkoako Elikagaien Bankuak. Elgoibarren, gaur eta bihar dute, 9:00etatik 21:30era. Sanlo eskubaloi taldeak jokalari bat, kilo bat lemapean bilduko ditu elikagaiak.

Elgoibarko Udalak eta Gurutze Gorriak parte hartzera deitu dituzte herritarrak, eta boluntario lanean jardun nahi dutenei izena emateko eskatu diete. Izena emateko bi bide daude: Elgoibarko Udalaren Herritarren Arreta Zerbitzura (Santa Ana kalea, 2, behea) joatea edota 943 741 050 telefono zenbakira deitzea. Boluntarioak txaleko bereizgarriak jantzita egongo dira merkataritza-guneetako sarreretan eta sartzen diren guztiei bonu bat emango diete dohaintza egiteko, edo bestela, poltsa bat eskainiko diete, irteeran poltsa janariarekin beteta buelta dezaten. 

 • Jokalari bat, kilo bat
Sanlok ere bat egin du ekimen honekin, eta jokalari bat, kilo bat lemapean bilduko ditu elikagaiak asteburuan Olaizaga kiroldegian. Gaur, hilak 22, 17:00etatik 19:00etara; zapatuan, 10:00etatik 20:00etara eta domekan, 10:00etatik 12:00etara.