Santa Klara komentuan irudikatzen du zaharren egoitza berria Gaurgeroa-Duintasunak

Barren.eus 2019ko aza. 21a, 13:34

Gaurgeroa-Duintasunak uste du Elgoibarrek aspalditik behar duela zaharren egoitza berria, eta uste du Santa Klara komentuak zaharren egoitza baterako behar diren baldintza guztiak betetzen dituela.

 

Egungo zaharren egoitza txiki gelditu dela diote, eta datuak eman dituzte hori arrazoitzeko. Batetik esan dute kopuruan gorabeherak egoten diren arren, gaur egun 13 pertsonakoa dela itxaron-zerrenda. 2013an, lau pertsonakoa zen itxaron-zerrenda, baina 25 pertsonakoa ere izan da. Bestetik, ohartarazi dute egoitzan dauden pertsona nagusien beharrak aldatu egin direla eta San Lazaro egoitza ez dagoela prestatuta horiei aurre egiteko. Langileak falta direla salatu dute, ekipamenduan eskasiak daudela, kokapena ere ez dela egokia eta pasiatzeko lekurik ere ez dutela adinekoek.

Behar horiek aintzat hartuta, uste dute San Lazaro egokia izan daitekeela autonomia maila bat dutenentzat, baina mendekotasun handiagoa dutenentzat egoitza berria behar dela azpimarratu dute eta Santa Klara leku egokia dela horretarako. "Santa Klarak egoitza berria hartzeko baldintza guztiak betetzen dituela uste dugu: kokapena, erdigunetik hurbil, baina errepide nagusitik urruti, lorategi eta aisialdirako gunea ditu, besteak beste", adierazi dute.

2019 11 21 santa klara konbentua elgoibar