Eskualdeko 2.000 lagun inguru bildu ditu pentsio duin eta publikoen aldeko manifestazioak

Barren.eus 2019ko aza. 18a, 13:59

Debabarreneko pentsionista plataformek deituta, pentsio duin eta publikoak eskatzeko manifestazio jendetsua egin zuten zapatuan Eibarko kaleetan. Euria eta hotza egin arren, 2.000 bat lagun elkartu zirela jakinarazi dute antolatzaileek, eta horien artean ziren Elgoibartik eta Mendarotik joandakoak ere.

 Eibarren egin zuten eskualdeko manifestazioa Untzaga plazatik abiatu zen, zapatu eguerdian, eta Eibarko kaleetan barrena ibili ziren gero. 2011. eta 2013. urteetako legeak bertan behera lagatzea, pentsioak blindatzea, eta pentsioen gaia ez lagatzea aldian aldiko gobernuaren nahien eta ateraldien menpe eskatu zuten manifestariek, eta horrekin batera, besteak beste, pentsioak KPIaren arabera gaurkotzea, eta gutxieneko pentsio duina hilean 1.080 eurokoa izatea pentsiodun guztientzat. Hamabost egunean behin astelehenero egiten duten elkarretaratzea egingo dute gaur arratsaldean Elgoibarren.

Eibarko ...eta kitto! herri komunikabideak argitaratutako bideo honetan ikus daitekeen moduan, euriak eta hotzak ez zituen jubilatuak kikildu.

2019 11 16 manifestazioa jubilatuak pentsiodunak eibar