Jantzi beltzak behar dituzte Pott Keramikakoek abenduan Donostiako Aquariumean zabalduko duten erakusketa prestatzeko

Barren.eus 2019ko aza. 18a, 13:35

Maite Salutegrik (Eibar, 1963) eta Jone Urain (Mendaro, 1967) bikoa dira Pott Keramika eta abenduaren 12an, 'Urdina?' izenburuko erakusketa zabalduko dute Donostiako Aquariumean, Mediterraneo itsasoko migratzaileen errealitatearen egungo egoeraz hausnartzera bultzatzeko. Instalazio hori sortzeko, baina, laguntza eskatu dute.

Jantzi beltzak behar dituzte, eta arropak jasotzeko izendatu duten puntuetako bat Elgoibarren dago: Egur arte tailerra.

Pott Keramikakoek Mediterraneo itsasoko migratzaileen errealitatearen egungo egoeraz hausnartzera bultzatu nahi dituzte ikusleak erakusketa honen bidez. Kolore beltza izango du oinarrian instalazio horrek, eta horretarako jantzi beltzak bildu nahian ari dira. Gaur hasiko dira arropak batzen eta azaroaren 25era arteko epea jarri dute horretarako. Arropa jasotzeko guneak ere izendatu dituzte. Elgoibarren, Egur Arte tailerrera eraman behar dira, baina beste hainbat puntu ere badaude, honako hauek: Donostia (Aguariuma), Zumarragan (Kultur Etxean), Urretxun (Kultur Etxean), Ordizian (Kultur Etxean), Beasainen (Zeramikako tailera, Mataderoan), Eibar (Zentral Optikan), Tolosan (Kultur Etxean), Itsason (Udaletxean eta Pott keramika tailerrean) eta Gasteizen (Kaina Tailerrean).

Erakusketa bera abenduaren 12an zabalduko dute Donostiako Aquariumean, Nautilus aretoan, eta urtarrilaren 21a arteko epea egongo da bisitatzeko. Pott-eko kideak EKG (Euskal Keramikagile Garaikideak) taldeko kide dira eta horren barne erakusketa desberdinak antolatu izan dituzte beste kideekin batera. Oraingoan Txaro Marañonekin bat egin dute Aquariumeko erakusketa hau osatzeko. Erakusketan, itsasoa katiluekin adierazita egongo da, urdin argiaz egindako katilu ederrekin, itsasoko tanta gisa, eta hauen azpian arropa beltza egongo da kokatuta.

2019 11 18 pott zeramika urdina erakusketa 1

2019 11 18 pott urdina erakusketa