III. Berdintasun Planaren ebaluazioa egiteko galdetegia zabaldu du Elgoibarko Udalak

Barren.eus 2019ko aza. 14a, 08:56

III. Berdintasun Planaren ebaluazioa egiteko prozesu parte-hartzailea abiarazi du Udalak. Horretarako galdetegi bat zabaldu du, eta betetzera deitu ditu herritarrak.

 Elgoibarko Udalak 2009an onartu zuen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. plana, lau urterakoa. Debegesaren laguntza izan zuen horretan, eta geroztik, beste bi ondu dituzte. Orain zabaldu duten galdetegiaren bidez dagoenaren ebaluazioa egin eta ondorio garbiak atera nahi dituzte, urtarrilean beste lau urterakoa izango den plana osatzen hasteko. Prozesu parte-hartzaile honetan modu koordinatuan lan egingo dute udaleko langile, politikari eta herritarrek, eta Berdintasun Sailetik jakinarazi dute topaketak, elkarrizketak eta beste hainbat galdetegi egingo dituztela datozen hilabeteetan, datuak eta estatistikak berrikusi eta urte hauetan izan diren aurrerapenak neurtu eta hobetu beharreko gaiak identifikatzeko.