Zuberoako ikastolen aldeko saskien salmenta abian da

Barren.eus 2019ko aza. 8a, 11:29

Zuberoako ikastolei laguntzeko hango produktuez osatutako saskiak salduko ditu aurten ere Elgoibarko Izarrak. Bi saski egongo dira aukeran: Irati, 52 eurokoa, eta Ahüzki, 40 eurokoa.

Eskaerak egiteko azken eguna azaroaren 27a izango da. Interesatuek e-postaz edo telefonoz egin ditzakete eskaerak: elgoibarkoizarra@elgoibarkoizarra.eus / 943 741 626.

Aurtengoan Sohütako Eperra eta Alozeko Basabürüko Ikastolak laguntzeko izango da saskiak salduz batzen duten dirua. Seme-alabek euskaraz ikasteagatik, gurasoek finantziazioaren % 30 jartzen dute eta administrazioek % 20. Gainerako % 50, hau bezalako gizarte ekimenen bidez eskuratzen dute. 2018ko salmentari esker, adibidez, 15.000 euro bildu zuten Zuberoako ikastolentzat.
 • Bi saski aukeran
Zuberoako etxalde eta enpresetako ekoizpenak dituzte bi saskiek. Alde batetik, 40 euroko otarrea eskaintzen dute: ardi gazta zatia (450 gramo), ahate gibela (125 gramo), gurinezko galleta paketea (150 gramo), eztia (500 gramo), txerriki patea (200 gramo) eta txerriki odolkia (200 gramo) aurki daitezke bertan. Besteak, 52 euroko kostea du eta aurreko produktuez gain, berotu eta arrozarekin edo patatekin jateko prest dagoen txahalki kontserba piperrekin (640 gramo) eta txerriki lukainkiak (400 gramo) eskaintzen ditu.

Beste helburu bat da Zuberoako tokiko ekoizleak ezagutaraztea. Ildo horretan, otarreek bertako ekoizleen produktuak dakartzate:

  • Gazta: Azkorria (Muskildi), Kokoitxea (Mitikile), Barneixea (Ligi) eta Berhüta (Gotaine)
  • Ahate gibela: Uhartea (Barkoxe)
  • Galletak: Okina (Idauze)
  • Eztia: Oihenartea (Urdiñarbe)
  • Axoa (txahalki kontserba): Autxetxea (Ozaze)
  • Txerriki mozkinak: Arrokain (Muskildi)