Elgoibarren estreinako aurkezpena egin eta gero Euskal Herri guztian aurkeztuko dute Bizipoza proiektua

Barren.eus 2019ko urr. 18a, 18:45

Izaera bereziko gaiak lantzen dituzten elkarteen aterpea da Bizipoza. Beraien lana gizarteratzeko eta ezagutzera emateko dokumentala eta dokuweb bat sortu dituzte, DanobatGroup taldeak diruz lagunduta. Euskal Herriko herri eta hiriburuetan aurkeztuko dute, baina estreinako aurkezpena Elgoibarren egin dute aste honetan bertan. Bizipoza proiektuaren sustatzaileetako bat den Anabel Arrazizak eman dio BARRENi egitasmoaren berri.

 Bizipoza taldeko hainbat kide eta boluntario batu ziren eguaztenean Herriko Antzokian, Bizipoza osatzen duten elkarteetako familiekin, denak batuta, mundu justuago baten alde egiteko.
18 minutuko iraupena duen dokumental bat da proiektu honen lehen ardatza, eta Elgoibarko Herriko Antzokian estreinatu zuten eguaztenean. “Gure Bizipoza, guztiona” izenburua du dokumentalak, eta gizarte inklusibo bat eraikitzeko premia azpimarratzen du, non desgaitasunen bat dutelako edo beren genero edo jatorriagatik desberdinak diren pertsonengan eraginik duten diskriminaziorik gertatuko ez baita. Arena ekoiztetxeak euskaraz filmatutako dokumentala da eta hainbat hiritan erakutsiko dute orain, hala nola Donostian, Gasteizen, Bilbon, Iruñean eta Hazparnen. Jendaurreko aurkezpenen ondoren, dokumentala erakundearen webgunearen bidez zabalduko da (www.bizipoza.eus), duela gutxi berritu baita. Euskarri horretan ere emanaldien egutegia eta trailerra kontsultatu daitezke.
  •Dokuweba
Bideo mikropilulez osatutako dokuweb bat da proiektuaren bigarren ardatza. Bizipoza osatzen duten erakundeetako baten jarduera azaltzen da bertan. Mikrodokumental horiek propio sortuko den eta datozen asteetan aurkeztuko den webgune baten bitartez zabalduko dira. Webgune horrek ikus-entzunezko tapiz interaktibo baten moduan funtzionatuko du, eta bertan ikusleak bistaratu nahi dituen edukiak aukeratu ahal izango ditu. Mikrodukumental horietako batzuek eman zituzten Herriko Antzokian, eta egiten duten lana azaldu zuten zenbait elkarteetako ordezkariek, Xabier Euzkitzek eta Anabel Arraizak gidatu zuten estreinaldiko saioan. Hainbat lagunek hartu zuten parte saioan

Anabel Arraiza (Lakuntza, 1975) euskal aktorea, musikaria eta kazetaria da. Triki Ta Ke musika taldean abesten hasi zen, baina telebistak egin zuen ezagun. Zortzi urtez jardun zuen ETB1-eko ‘Goenkale’ telesailean lanean, eta hainbat film ere egin izan ditu. Gaur egun telebista aurkezle da Hamaika Telebista katean, eta horrez gain, Bizipoza proiektuaren sustatzaileetako bat da.

2019 10 17 anabel arraiza bizipoza elgoibar
-Zer da Bizipoza?
Izaera bereziko gaiak lantzen dituen 35 elkarte batzen dituen elkartea da Bizipoza. Elkarteez gain badaude bazkideak, babesleak eta boluntario sare bat ere, gure jardunean laguntzen dutenak.
-Noiz eta nola sortu zenuten Bizipoza elkartea?
Hasiera batean Irrien Lagunak gizartegintza proiektutik sortu zen Bizipoza, eta 2016. urtean egin zen autonomoa, eta Irrien Lagunak egitasmoaren parte izateari utzi zion. Hasiera batean elkarte gutxi batzuekin abiatu zen, eta poliki-poliki joan dira gainerakoak batzen.
-Nolakoak dira Bizipoza osatzen duten elkarteak?
Elkarte guztiak Euskal Herrian jarduten duten elkarteak dira, eta euskarak batzen gaitu. Elkarteek lan eremu desberdinak dituzte: batzuek gaixotasun bat dute ardatz, beste batzuek familia eredu desberdin batean bizi dira, edo nazioartean lan egiten dute… Baina guztiek amankomunean helburu bera dute: Haur eta nerabeekin egiten dute lan gehienek, familian, eta beraien egoeragatik, ez dituzte eskubide guztiak bermatuak. Dela aisian, ikastetxean, osasunean, familian edota gizartean bertan eskubide urraketak jasaten dituzte, eta Bizipozak elkarte guzti hauek batuz, beraien bozgorailua izan nahi du gizartean.
-Zein da Bizipoza elkartearen egitekoa?
Elkarteek dituzten balore guztiak gizarteratu eta gizarte hobeago bat eraikitzea da gure helburua; herri inklusiboa izanen dena, eta haur guztiak kontuan hartuko dituena. Azken batean, haur guztiek eskubide berberak izan ditzatela nahi dugu, eskubide guztiak bermatuta izatea.

Elkarrizketa osoa BARREN aldizkarian (1134. zenb -PDF)

2019 10 16 bizipoza elgoibar aurkezpena danak

2019 10 16 bizipoza aurkezpena elgoibar puxikak