DanobatGroupek diruz lagundutako Bizipoza dokumentala aurkeztuko dute urriaren 16an Elgoibarko Herriko Antzokian

Barren.eus 2019ko urr. 11a, 19:53

Izaera bereziko gaiak lantzen dituzten 33 elkartez osatutako elkartea da Bizipoza, eta izen bereko dokumental bat sortu berri dute elkartearen ikusgarritasuna handitzeko. Danobatgroupek finantzatu du dokumentala, Elkarrekin Eragin proiektuaren barruan, eta horregatik, dokumentalaren aurkezpena Elgoibarren egingo dute, urriaren 16an, Herriko Antzokian.

Herriko Antzokian izango da aurkezpena, 18:00etan, eta edozein herritarrek izango du joateko aukera.Ekitaldian zuzeneko musika eta beste hainbat ekintza egongo direla aurreratu dute antolatzaileek. Elgoibarren aurkeztu ostean, Euskal Herriko beste hainbat hiriburutan ere emango dute dokumentala. Dokumentalaren aurrerapen-bideoa duzue hau.

 • Elkarrekin Eragin proiektua

DanopbatGroupek iaz jarri zuen martxan Elkarrekin Eragin izeneko egitasmoa. Kooperatibako bazkideei eman zieten aukera proiekzio soziala duten proiektuak proposatzeko, eta, 1.300 bazkideren artean erabaki zuten konpromioso soziala nola bideratu. Maslowren piramidea delako teoria erabili zuten proiektu guztiak sailkatzeko: Gero, proiektu bakoitzari puntuazio bat eman zioten bazkideek, eta irizpide ezberdinen arabera, hamar proiektu lehenetsi zituzten kontseilu errektorean. Hiru aukeratzeko bozketa egin zuten eta, honakoak aukeratu zituzten: Asociacion Española Contra el Cancer, Bizipoza eta WOP Elkartea. Xehetasunetan sartuta, hauek dira proiektuak: prostatako minbizia antzemateko prozesu ez inbaditzailea ikertzea Zaragozako unibertsitatean; Bizi Pozak Euskal Herriko elkarte txiki askoren ikusgarritasuna emateko tresnak garatuko ditu; eta WOP elkarteak neuro-endekapenezko gaixotasuna dutenen integrazio soziala lortzeko baliabideak aztertuko ditu.

2019 10 14 Bizipoza bideoa elgoibar kartela