Gizartea

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

2019 10 10 iaki agirre irizar izan dolua heriotza elgobarHeriotzarekin izan duen harremanak eraman du Iñaki Arregi Irizar (Elgoibar, 1973) heriotzean sakontzera. Etxean bost senide ziren, eta bera bakarrik bizi da gaur egun. Heriotzaz hitz egiteko beharra sentitzen zuen, eta Urbizixa dolu-gunea sortu zuen horretarako. Pentsamendua eta gorputza lantzen dituzten adituek osatzen dute taldea, eta heriotzari buruzko jardunaldiak egiten dituzte. Heriotzari buruz errespetuz eta naturaltasunez hitz egiteko gunea eskaintzen dute, bai taldeka eta baita bakarka ere, eta doluan laguntzeko estrategiak lantzen dituzte. Death café saioak ere antolatzen dituzte, talde txikietan eta kafe baten bueltan bakoitzak heriotzari buruz duen pentsakera azaltzeko. Azpeitin eta Durangon egin izan dituzte momentuz, baina aurrerantzean Elgoibarren ere egingo dituzte.

 

 • Iñaki ala Izan deitu behar dizugu?
Mundu honetan jende gehienak Izan bezala ezagutzen nau. Orain dela zenbait urte Nafarroan egon nintzen bizitzen. Hiru urte egin nituen han, eta orduan alokatu nuen Upai Goiti baserria. Dolu momentu gogorra pasatzen ari nintzen, eta aldaketa bat behar nuen. Esnatze une batean nengoen: bizitoki berria, laguntalde berria... Bizitzeko beste perspektiba bat behar nuen. Izan izena jarri nion nire buruari, eta aldaketa horrek asko lagundu dit. Dena dela, batzuk Iñaki deitzen didate, eta beste batzuek, Izan. Ez dago arazorik.

 • Urbizixa dolu-guneko sustatzailea zara. Nola hasi zinen honetan?
2000. urtean sartu nintzen Upai Goiti baserrian, eta handik urte batzuetara hasi nintzen Urbizixari forma ematen. Heriotza nire biografian oso presente egon da, eta horrek eraman nau honetara. Biziraute prozesu bat izan da niretzat. Hasi nintzenean ez nuen uste kontu honetan horrenbeste sakonduko nuenik. Meditazioa lantzen hasi nintzen, eta orain gorputza lantzen ari naiz. Mikrogimnasian formatu naiz, gorputzeko mina lantzeko. Urbizixan hiru oinarri ditugu orain: Dantza integrala, dolua eta mikrogimnasia. Dolua eta heriotza bakarka nahiz taldean lantzen ditugu Urbizixan. Meditazio mundutik nator ni, baina taldean gorputza lantzen duten adituak ere badaude. Lantalde oso profesionala daukagu. Denbora asko daramagu proiektu honekin, baina oraindik gehiago ezagutzen dute Urbizixa kanpoan, Elgoibarren baino.

 • Zein harreman izan duzu heriotzarekin?
6 urte genituela nire arreba bikia eta biok erori egin ginen elizako arkupeetan, eta kolpearen ondorioz, nire arreba Ane hil egin zen hilabete geroago. Hor hasi zen nire harremana heriotzarekin, baina ez zen hor bukatu. Familian bost ginen, eta gaur egun ni bakarrik nago bizirik. Aita eta ama gaixorik hil ziren, eta tokatu zitzaidan haiek zaintzea. Prozesu horrek asko erakutsi zidan, eta berriro egingo nuke. Eta, nire anaiak bere buruaz beste egin zuen orain dela urte batzuk. Beraz, esan dezaket, heriotzarekin bizi izan naizela.

 • Denok dakigu hilko garela, baina normalean ez dugu heriotzaz hitz egiten. Zergatik?
Heriotza tabu izan da beti. Gainera, bizi garen gizarte honetan, beti presaka gabiltza, erlojuaren kontra bizi gara, eta askotan ez diogu gure buruari baimenik ematen heriotzean edo doluan pentsatzeko ere. Eta sentimendu horiei ez badiegu lekurik egiten, gaitz bezala geratzen zaizkigu itsatsita gorputzean. Gure historia gorputzean isladaturik geratzen da, eta gorputza lantzen duten aditu guztiek esaten dute gorputzak ez duela gezurrik esaten. Jaiotzari sekulako lekua egiten diogu gure bizitzan, eta heriotza, aldiz, ezkutatzen saiatzen gara. Denok daukagu heriotza buruan, denok dakigu hil egingo garela, baina ez dugu heriotzaz hitz egin nahi. Sinismen sozial eta erlijioso pila bat daude heriotzaren bueltan, eta beldurra sortzen da. Adibidez, askok uste dute heriotzaz hitz eginez gero, heriotza bere bila etorriko dela. Hori ikusten dugu Death café saioetan. Guk argi daukagu: heriotza bizitzaren parte da, eta naturaltasunez hartu behar da.

2019 10 10 inaki agirre irizar izan dolua heriotza elgobar 1

 • ‘Death cafe’ saioak aipatu dituzu. Zer dira?
Bizkotxo eta kafe edo infusio baten bueltan, heriotzari buruz lasaitasunez eta naturaltasunez hitz egiteko gune babestuak dira. Azpeitin eta Durangon egiten ditugu bi hilean behin, eta oso harrera ona daukate. Jende desberdina gerturatu izan zaigu. Adinekoak batzuk, heriotza gertuago ikusten dutenak eta heriotzaren mamua burutik kendu ezin dutenak. Beste batzuk dolu prozesuan daudenak izan dira. Batzuk datoz beharra dutelako, eta beste batzuk gogoa edo interesa dutelako. Death café saioetan sortzen den giroa zoragarria da. Aurrerantzean Elgoibarren ere egingo ditugu horrelako saioak, baina oraindik datak zehazteko ditugu. Kostatu zait, baina dagoeneko prest nago nire herrian ere heriotzaz hitz egiteko.

 • Dolua. Zer da?
Dolua heriotzaren ondoren datorren prozesua dela uste du jende gehienak, baina dolu mota asko daude. Laneko kaleratze batek dolua eragin dezake, eta bikote harreman bat eteteak ere bai. Horrelako ekintzek eragina dute gugan, eta dolu prozesua eskatzen dute. Dolua bizia da, eta heriotza barneratzea bizitzaren aldeko apustua egitea da. Denok hilko gara eta denok ikusiko dugu jendea hiltzen gure inguruan. Hori zenbat eta hobeto barneratu, heriotzari aurre egiteko tresnak askoz osasuntsuagoak izango dira. Arazo psikiatrikoak asko handitzen dira heriotza barneratuta ez daukagunean.

 • Umeekin nola landu behar dugu zure ustez heriotzaren gaia?
Zenbat eta naturalago landu heriotza umeekin, orduan eta hobeto izango da. Normalean umeei are gehiago ezkutatzen diegu heriotza. Ume bat hiltzen denean, beste umeak konturatzen dira ume hori ez dagoela beraiekin. Heriotza gizarteko parte da, eta denon artean ematen badiogu heriotzari benetan behar duen lekua, tresna hobeak izango ditugu heriotza bideratzeko, eta biziago egongo gara. Lehenengo pausoa norberak barneratzea da, umeari ondo transmititzeko. Nik heriotzari beldurra badiot, heriotza beltz ikusten badut, ilun, mamuz beteta... zer transmitituko diot umeari?. Umeek batzuetan nahi izaten dute hildako senide edo laguna ikusi, eta gurasoek ez diete uzten. Umeek sortzez ez diote heriotzari beldurrik, ez dutelako heriotza ezagutzen, ez daude kutsatuta informazio negatibo horrekin, baina helduek, gehienetan, beldurra transmititzen diete. Eskoletan eta familietan heriotzaz hitz egiteko protokoloak sortu beharko liratekeela uste dut. Irakasleekin ere pedagogia egin behar da, eskoletan gaia lantzeko. Umeekin heriotza naturaltasunez lantzeak asko lagunduko luke.

 • Umeak, baina, ikusiko du heriotza baten ondorioz, ingurukoak triste daudela. Horrek berak ez al dio erakusten heriotza zerbait txarra dela?
Ez. Hor beste erlazio oker bat dago: negar egitea txarra da, edo triste egotea txarra da. Tristura doluaren prozesu bat da, eta doluan zehar negar egitea guztiz naturala, beharrezkoa eta osasungarria da. Barruan zerbait puskatu da, eta hori gainditzeko prozesuan sentimentu pila bat agertuko dira, eta horietako bat da tristura.

 • Nola prestatu gaitezke heriotzerako?
Gauza oso garrantzitsu bat dago: egitekoak eginda edukitzek asko laguntzen du heriotzean. Bizitzako azken momentuetan ikusten da nork daukan eginda barruko lanketa pertsonala eta nork ez. Hau da, amari edo aitari esatea zenbat maite duzun, edo norbaitekin haserre bazaude barkamena garaiz eskatzea eta nolabait esateko, bakean hiltzea ezinbestekoa da. Lasai hiltzeko, ateak itxi egin behar dira. Dolua egin behar duen pertsonarentzat ere oso garrantzitsua da hiltzera doan pertsonarekiko ateak ixtea. Askoz eramangarriagoa da dolu prozesua heriotzean lagundu dion pertsonarentzat. Heriotzak gauza asko erakusten ditu, eta hori aprobetxatu behar dugu. Ikasteko eta hazteko prozesu bezala ikusi behar dugu. Kulpak albo batera utzi, eta aurrera egin behar da, baina ez sakrifizioaren ikuspegitik, baizik eta ahalduntzearen ikuspegitik. Sakrifizioa zigorraren ondorioa da, eta askotan pertsonek ondo sentitzeko sakrifizio hori behar dute, baina hori ez da osasungarria.

Nola lagundu ahal diogu dolu prozesuan dagoen pertsona bati?
Bere alboan egoten. Askotan ez dago ezer esan beharrik, alboan egotearekin nahikoa da. Horrelakoetan ez dugu jakiten zer esan, eta protokoloari heltzen diogu, benetan besteak sentitzen duena ulertu edo sentitu gabe, eta horrek ez dauka inongo sustrairik. Beraz, hobe da gomendiorik ez ematea. Besarkada edo musu bat eman eta hor zaudela erakustearekin nahikoa da. Dolua oso hauskorra da, eta doluan dagoen pertsona kristal bat bezain hauskor dago une horretan. Horregatik, laguntzeko modurik onena da bere alboan egonez babesa erakustea. Doluan lagundu nahi horretan gomendio oso txarrak ematen dira askotan. Dolu mota asko daude: Jaio aurretik hil den gizakiarena; aborto bat, adibidez. Emakume askok oso gaizki pasatzen dute, baina horri askotan inportantzia kentzen zaio. Edo txakurra hiltzen zaiona ere doluan egon daiteke, eta zuk esaten badiozu lasai, txakur bat besterik ez zen, lagundu beharrean gehiago hondoratuko duzu. Baimendu gabeko doluak esaten zaizkie horiei, eta ohitura dago garrantzia kentzeko. Gauzei daukaten garrantzia eman behar zaie, ez da ona gauzen garrantzia minimizatu eta maximizatzea. Doluan dagoen pertsona errespetatu egin behar da.

Dolu prozesua luzea izan daiteke. Zein fase ditu?
Lehenengoa, normalean, negazioa izaten da. Hau da, ez onartzea gertatu dena eta pentsatzea oraindik hil den pertsona hori berriz agertuko dela. Gero, haserrea agertzen da. Munduarekin haserretzen zara, zuri gertatu zaizulako hori. Eta gero onartzen hasten zara, eta tristura agertzen da. Heriotza motaren arabera, dolua bera ere desberdina da, ez delako berdina istripu baten ondorioz hil denari dolua egitea edo gaixotasun luze baten ondorioz hil denari egitea. Baina kasu guztietan dolua dago, eta errespetatu egin behar da. Depresioa ere doluaren fase bat bihurtzen da askotan, eta dolua patologiko bilakatzen denean, profesionalen laguntza eskatzea izaten da onena. Laguntza eskatzea beti dago ondo, baina hor ere jende askok arazoak ditu. Gure kulturak erakutsi digu gogorrak izan behar dugula eta norberak bakarrik dena egin ahal duela, eta askok ez dute nahi izaten laguntza eskatzea. Eta gizonezkoetan zer esanik ez. Oraindik askok uste dute gizonek ez dutela negarrik egiten, eta askotan gizonek debekatuta daukagu ia sentitzea ere. Gizontasunaren teorien inguruan ere lanketa asko dago egiteko.

Heriotza, beraz, generoaren arabera desberdin bizi da?
Bai. Death café saioetan parte hartzen duten gehienak emakumeak izaten dira. Emozioak eta sentimenduak lantzen diren gune guztietan emakumeak dira gehiengoa. Yogan, dantzan eta horrelakoetan oso gizon gutxi ikusten dira. Hasi da zerbait aldatzen, baina oso poliki doa. Gizontasunaren atzean dauden sinismen eta topikoek gure gaitasuna eta potentziala baldintzatzen dute.

Barneratuta al daukagu noizbait hil egingo garela?
Hil egingo garela barneratzeko modu bakarra lanketa pertsonala egitea da. Familia batzuetan heriotza modu naturalean hartzen da, eta horrek asko laguntzen du heriotzean. Etxean heriotzaz hitz egitea pedagogia egitea da. Ez dut esan nahi etengabe egon behar dugunik heriotzari buruz hitz egiten, ezta gutxiagorik ere. Momentua bizi behar da, eta ez dugu egon behar uneoro hil egingo garela pentsatzen, baina ahaztu ere ez dugu egin behar. Oso garrantzitsua da gorputza eta burua erritmo berean mugitzea. Normalean, burua beti aurretik doa, beti etorriko den horrekin pentsatzen bizi gara, edo bihar egin behar dugunarekin, eta horrek askotan ez digu lagatzen bizitzen. Lepoan mozketa moduko bat dago, burua alde batetik eta gorputza bestetik doaz, eta biak bat egitea ezinbestekoa da.

Heriotza mota desberdinak daudela aipatu duzu, baina badago bat are tabu handiagoa dena: suizidioa.
Suizidioaz ez du inork hitz egiten, eta ikerketek esaten dute suizidioaz hitz egiteak %30ean gutxitzen direla suizidio kasuak. Bi egunetik behin suizidio bat gertatzen da Euskal Autonomia Erkidegoan, eta inork ez du ezer esaten. Suizidio bat gertatzen den bakoitzean, sei bizi-iraule geratzen dira haren bueltan sufritzen, eta horiei laguntzeko profesionalak behar dira. Suizidioa oso bortitza da ingurukoentzat. Estigmak, isiltasuna, lotsa, kalean epaitua sentitzea, kulpa... sentimendu oso gogorrak azaleratzen dira. Has gaitezen behingoz hitz egiten gai hauei buruz! Gizarteak arreta jarri behar du suizidioaren gainean. Prebentzioa eta babesa ez dira lan errazak, eta horregatik lekua eman behar diogu gai honi. Baina suizidioaz hitz egiteak sistema bera zalantzan jartzen du, eta hori ez zaio inori interesatzen.

Zuk nola lortu duzu heriotzari buruz horren natural hitz egitea?
Heriotzari behar duen lekua emanaz eta bizitzaren parte dela onartuz. Baina onartu ez derrigortasunez. Onartu behar hori batzuetan bihurtu daiteke obligazio, akuiluarekin norbaitek esango balizu bezala onartu egin behar duzula, eta hori ez da mezu zuzena. Onartzea exijentzia bihurtu daiteke, esfortzua, kulpa. Ikusi eta sentitu egin behar dugu benetan heriotza bizitzaren parte dela. Dolu-guneetan parte hartzeak eta adituen laguntza eskatzea oso ondo etortzen da heriotzari lekua egiteko. Zailtasunean aukera aurkitu dut nik, eta gertatu zaidan guztiaren ondorioa naiz.

 

Elgoibarko berbetia

San Bartolomeak 2019

 

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza