Ane Beitia Elgoibarko alkateak, Maialen Gurrutxaga Haur eta Gazteen Sustapen zinegotziak eta Udaleko Euskara eta Gazteria Sailetako arduradunek gaur arratsaldean aurkeztu eta azaldu dute Erasmus + egitasmoa, Elgoibarko Gaztelekuan. Aurkezpen ekitaldian izan dira parte hartuko duten 8 elgoibartarrak ere: Unax Aseginolaza Rozas, Garazi Arriola Ayerdi, Ihintza Gurrutxaga Larrañaga, Maddalen Oñederra Gonzalez, Maddi Arriola Mendieta, Eider Ansola Ansotegui, Laia Aizpurua Cruz eta Leire Sasiain Uranga. Lehen laurak Elgoibar Ikastolako ikasleak dira eta Elgoibar BHI institutuko ikasleak dira gainerakoak.
• Helburua
Proiektu horren helburua gazteak Europako hizkuntza aniztasunaz ohartarazteaz gain, Europako leku ezberdinetako nerabeek egoera linguistiko antzekoak bizi dituztela ikustaraztea eta elkarrekin Europako herritartasuna eraikitzea da.
Izan ere, Europan milaka herritar dira egoera diglosikoetan bizi direnak eta Erasmus + proiektuaren bidez, beste hizkuntza gutxitu bateko gazteen eguneroko errealitatea ezagutzeko aukera izango dute. Proiektuan parte hartuko duten nerabeek bi herrialdeetan (Gipuzkoa eta Irlanda) astebeteko egonaldi bikoitza egingo dute. Egonaldi horietan toki bakoitzeko hizkuntza gutxituaren inguruko errealitatea ezagutuko dute eta ‘Gazteak eta hizkuntza gutxituak’ gaiaren inguruko tailerrak jasoko dituzte.
• Jatorria Elgoibarko eta Zizurkilgo gaztelekuetan
Erasmus + proiektuaren jatorria Zizurkil eta Elgoibarko gaztelekuetan dago, han ikusi baitute Europako gazte trukaketa proiektu bat lantzeko beharra. Izan ere, hizkuntza gutxituetako gazteak kontzientziatu nahi dituzte eta hizkuntza horien erabileraren garrantziaz ohartarazi, betiere, aisialdi testuinguru batean kokatuta.
Proiektu honetan, gainera, Elgoibarko eta Zizurkilgo ikasleekin batera, Donibane Garaziko Lizeo Publikoko eta Galway-ko (Irlanda) Muintearas Teo Elkarteko ikasleek parte hartuko dute. Proiektuan parte hartuko duen talde bakoitzak zortzi ikasle izendatu ditu eta talde bakoitzak bere hezitzaileak izango ditu egonaldi horietan. Elgoibarko taldearekin Gaztelekuko hezitzaileak joango dira; Maialen Astigarraga Alberdi eta Patxi Iriondo Juaristi hain zuzen ere.
• Egonaldiak
Lehenengo egonaldia urriaren 29tik azaroaren 4ra izango da Galway-n (Irlanda), eta bigarrena, berriz, abenduaren 2tik 8ra Hondarribiko aterpetxean (Gipuzkoa). Irlandako egonaldia, Gaelikoaren egoera ezagutzeko eta Irlandako gazteek egoera diglosikoa nola bizi duten hurbilagotik ulertzeko baliatuko dute. Abenduko egonaldian, berriz, Euskal Herrian ibiliko dira 32 nerabeak. Astebete pasako dute hemen eta egoera soziolinguistikoa hurbilagotik ezagutzeko baliatuko dute. Egonaldi horretan ere, gazte guztiak egongo dira elkarrekin eta azalpen eta jarduerak euskaraz eta ingelesez izango dira. Iparraldeko (Donibane Garazi) eta Hegoaldeko (Zizurkil eta Elgoibar) nerabeak elkar ezagutzeko egun bateko topaketa antolatu dute, irailaren 28an, Donostian.
• Tailerrak
Irlandan eta Euskal Herrian egingo dituzten egonaldi horietan hamar tailer egingo dituzte, bost Irlandan eta beste bost Gipuzkoan. Tailer horietan hizkuntza gutxituen gaia landu eta sakonduko dute, arlo desberdinetan; hezkuntza, musika, kirola, kultura digitala e.a.. Ordea, Irlandako eta Euskal Herriko egonaldiak bukatuta ere, proiektu honek jarraipena izango du; nerabeek lanketa berezia egingo dute Gaztelekuetan eta ikastetxeetan, haien esperientzia zabal dezaten eta euren inguruan hizkuntza ohiturak aldatzen saia daitezen.