Zirardamendi-Aiastia fronte-lerroan hildako gudariak omendu zituzten atzo

Barren.eus 2019ko ira. 23a, 09:26

Urtero legez, irailaren azken aurreko domekan, instituzio, elkarte, kultur erakunde eta alderdi politikoetako zenbait ordezkarik, 1936ko irailean eta urrian Elgoibarko Zirardamendi-Aiastia (San Migel) fronte-lerroan hildako gudariak gogoratu zituzten atzo.

 Urtero legez, Aiastiako Murkaikupe ftontoiaren atzean landatuta dagoen Gernikako arbolaren kimuari bisita egin eta gero, Zirardamendirantz jo zuten omenaldi ekitaldian parte hartu zuten lagunek. Bidean, lau gudari deshobiratutako tokian lorak laga eta Zirardamendiko gurutzetxoan beste lore sorta bat laga zuten, han hildako gudarien omenetan.

Antolatzaileek aditzera eman dutenez, omenaldi honekin, euskal soldadu gazteek eginiko "sakrifizioa" gogorarazi nahi da eta memoria historikoa funtsezko bidea dela azpimarratu elkarbizitza eta adiskidetzea bultzatzeko.

1936ko irailaren 25an Arana Goiri batailoiko hamalau euskal gudari hil zituzten Zirardamendiko frontean, Mola jeneralaren tropen kontrako liskarretan: José Txintxurreta, Paulino Beraza, Juan Zabala, Blas Larrazeleta, Ambrosio Etxebarria, Felipe Elorriaga, Sabin Atutxa, Emeterio Llavori, Eusebio Gaubeka, Juan Agirre, Imanol Etxebarria, Marcelino Gandarias, Miguel Palacio eta Félix Arbulu.

Azken urteotan moduan, 36ko gerran hildakoak oroitzeko asteburua izan da joan dena Elgoibarren. Zapatuan, frankismoan kontzentrazio esparruetan edota kartzelan preso izandakoak omendu zituzten Olasoko hilerriko Kolunbarioan.

*Argazkiak: Elgoibarko Udala.

2019 09 22 zirardamendi gudariak omenaldia elgoibar udala 1

2019 09 22 zirardamendi gudariak omenaldia elgoibar udala bidean