Frankismoan preso egondakoak omendu dituzte gaur, larunbata, Kolunbarioan

Barren.eus 2019ko ira. 21a, 15:18

Frankismoan kontzentrazio esparruetan edota kartzelan preso izandakoak omendu dituzte gaur Elgoibarren, Olasoko hilerriko Kolunbarioan. Memoria historikoaren aldeko Elgoibar1936 taldeak antolatu du omenaldi-ekitaldia, eta Udal Txistulari Bandako kideek, Mauxitxa Txarangak eta Haritz Euskal Dantzari Taldekoek parte hartu dute ekitaldian, bai eta hainbat udal ordezkarik eta dozenaka herritarrek ere.

 Iñaki Odriozola eta Hodei Otegi Elgoibar 1936 taldeko kideek zuzendu dute omenaldi ekitaldia. Mauxitxa txarangakoek lau kantu jo dituzte: 36ko Gerran CNT sindikatuaren ereserki bihurtu zen Barrikadetara kantua, Bella Ciao Bigarren Mundu Gerrako abesti italiarra, Viva la quinta brigada bando errepublikarreko soldaduek 36ko gerran errekuperatu zuten kantua, eta bukatzeko, ekitaldi bukaerako kantua izan dena: Eusko Gudariak. Iñaki Odriozolak eman ditu azalpenak, eta Haritz Euskal Dantzari Taldeko Ane Espilla eta Aitor Asenjo dantzari gazteek agurra eskaini diete bertaratutakoei, txistularien laguntzaz. Ondoren, Hodei Otegik banan-banan irakurri ditu Frankismoan preso egondakoen izen-abizenak, eta txaloka erantzun dute ekitaldira batutakoek. Ekitaldia bukatzeko, lore eskaintza egin dute Kolunbarioan, urtero legez.

2019 09 21 Frankismoa omenaldia presoak kolunbarioa

2019 09 21 Frankismoa omenaldia lore eskaintza

2019 09 21 Frankismoa kolunbarioa Mauxitxa omenaldia