Frankismoko presoak omenduko dituzte zapatuan Olasoko Kolunbarioan

Barren.eus 2019ko ira. 18a, 12:24

1936ko irailaren 21ean sartu ziren tropa kolpistak Elgoibarren eta egun hura ez du ahazteko memoria historikoaren aldeko Elgoibar 1936 taldeak. Frankistek hildakoak oroitu zituzten iaz, eta aurten, Frankismoan kartzelan edo kontzentrazio esparruetan preso izan zituztenak gogoratuko dituzte.

Irailaren 21ean, zapatuan, izango da omenaldia, Olasoko hilerrian dagoen Kolunbarioan, 11:00etan hasita. Antolatzaileek aurreratu dutenez, Elgoibarko Udalak ere parte hartuko du ekitaldian eta baita ere Elgoibarko EHBildu, EAJ-PNV Elkarrekin-Podemos alderdietako ordezkariek ere. Era berean, Mauxitxa txarangak, dantzariek eta txistulariek jantziko dute ekitaldia.

Elgoibar1936 taldeak preso egondakoen zerrenda bat osatu du, bai eta publiko egin ere, senideen bila ari direlako ekitaldirako. Era berean, laguntza eskatu diete herritarrei, zerrenda hori osatzeko eta bide batez zerrendan jasotakoek bizitakoen gaineko informazioa biltzeko. Horretarako telefono zenbaki bat eta e-posta helbide bat jarri dituzte herritarren eskura: 605 772 285 / elgoibar1936@gmail.com

2019 09 18 maria luisa garrido elgoibar

 • Bat, beste hamaikaren artean
Maria Luisa Garrido da irailaren 21eko ekitaldian omenduko dutenetako bat, 36ko gerrak tropa kolpistek jazarri zutenetako bat. Jaioberritan abandonatu egin zuen amak, eta 2 urte bete zituenean, Francisco Arostegi eta Josefina Anguera senar-emazte eibartarrek hartu zuten umetzat. Zorionak, baina, ez zion lar iraun, 6 urte zituela bete-betean harrapatu zuelako gerrak, eta bonbengandik ihesi eman zituelako ondorengo urteak, amarekin, aita, gerra hasteaz batera hartu zutelako preso eta Santoñako kartzelara eraman. Bazterketarik gordinena bizi izan zuen Garridok umetan, batetik, umezurztegiko umea zelako, eta bestetik, adopzioan hartu zuen ama sozialista zelako, Errepublikaren aldekoa. Propaganda banatzen ibili ohi zen Maria Luisaren ama, eta Bizkai aldera ihes egin zuen ezinbestean. Durangorantz abiatu ziren, handik Bilbora iritsi ziren, eta 1937ko ekainaren 11n Francoren tropek Bilboren kontrako erasoa jo aurretik, Bartzelonarako bidea hartu zuten ama-alabek. Errepublika zaleen gotorlekua zen Bartzelona, baina ordurako giroa gaiztotzen hasia zen han ere, eta horregatik, Espainiako Gobernuak Kataluniakoarekin batera jarritako itsasontzi bat hartu eta Frantziara ihes egitea erabaki zuten, Francoren tropek Bartzelona hartu aurretik. Aterpe batean hartu zituzten Frantzian, baina hara ere iritsi zitzaien alde egiteko abisua eta Parisera abiatu ziren. Citroenean lan egin zuen Anguerak. Parisen harrapatu zituen Bigarren Mundu Gerrak, eta hartu zituzten preso. Argeles-sur-Merreko kontzentrazio esparrura eraman zituzten, eta direnak eta bi bizi izan zituzten han. Baina han ez zen sufrikarioa amaitu. Euskal Herrira iristea lortu zutenean ere ez zuten giro izan. Gerra galdu zutenen aldekoak izanda, hamaika umilazio jasan behar izan zituztelako.

Lotura duten albisteak: