Aldundiko Izadi Zaintza Zerbitzukoek eraman dute putrea

Barren.eus 2019ko ira. 12a, 12:39

Olasoko industrialdean jende artean ibili zen putrearen bila etorri dira gaur Gipuzkoako Foru Aldundiko Izadi Zaintza Zerbitzukoak.

Gosetutako itxuran jaitsi zen, txakur bati eraso egiteko ahaleginean, putre batek sekulako ikusmina sortu zuen eguazten arratsaldean Olasoko industrialdean. Hara-hona ibili zen errepidean, ikusmirara batu zen jendearen artean, momentu batzuetan erasokor ere bai (ikus hemen bideoak). Herritarrek eman zuten abisua Udaltzaingoan, bai eta larrialdi zerbitzuetarako telefonoan ere, eta hegaztiak istripuren bat eragiteko arriskua zegoela ikusita, jaso egin zuten. Urtebetez azpiko putre osasuntsua zela jakinarazi dute batzera gerturatu zirenek, Animalien Babeserako Mankomunitateko zerbitzukoek. Elgoibarren pasatu du gaua hegaztiak, zainduta, eta gaur goizean etorri dira bila Gipuzkoako Foru Aldundiko Izadi Zaintza Zerbitzukoak.
Foru Aldunditik jakinarazi dute jarraipena egingo diotela egun batzuetan, baina arazorik ez duela egiaztatuz gero, libre utziko dutela berriro. Kontrara, zerbait duela ikusiz gero, Igeldoko Arrano Etxera eramango dute, baina azken helburua libre uztea izango da.