Elgoibar Sasoian egitasmoa jarriko dute martxan irailean

Barren.eus 2019ko ira. 4a, 08:47

Bizitza aktiboa izatea nahi duten 60 urte baino gehiagoko elgoibartarrek parte hartu dezakete Elgoibar Sasoian egitasmoan. Irailean jarri dute abian.

Elgoibarko Udaleko Gizarte Ongizate Sailak eta Udal Kirol Patronatuak jarri dute martxan Elgoibar Sasoian egitasmoa. Bizitza aktiboa izatea nahi duten 60 urte baino gehiagoko elgoibartarrek hartu dezakete parte programa honetan, eta horretarako Udal Kirol Patronatuko bazkide izan beharko dira. Programa honetan parte hartzea nahi dutenek Olaizaga Kiroldegiko harreran eman behar dute izena. Sustatzaileek jakinarazi dutenez, hiru ardatz nagusi ditu egitasmoak.

  1. Jarduera fisikoa: jarduera fisikoa sustatzea eta pertsonen kualitate fisikoak denboran irautea izango dira ardatz honen helburuak. Saioak Elena Rodríguezek eta Jone Garatek gidatuko dituzte. Ordubeteko saioak izango dira eta Olaizaga Kiroldegian, IMH kiroldegian zein Mintxetan egingo ditzte. Elena Rodríguezek emango dituen saioak astelehen, eguazten eta baikuetan izango dira 9:00etan eta 16:00etan. Jone Garaterekin, aldiz, astelehen, eguazten eta eguenetan izango dira saioak, 10:00etan eta 11:00etan. Irailaren 9an hasiko dira.
  2. Garapen eta ahalduntze pertsonala: ardatz honen helburua ongizatea, bizi-kalitatea eta garapen pertsonala sustatzea izango da. Unai Arrieta psikologoak gidatuko ditu saioak, martitzenetan, Kultur Etxean. Irailaren 10ean izango da aurreneko saioa.
  3. Orientazio zerbitzua: bizitza aktiboago bat izateko aholku eta orientazio profesionala emango ditu Jone Garate teknikariak, astean hiru egunetan, Olaizaga Kiroldegian eta anbulatorioan. Irailaren 9an emango zaio hasiera.

2019 09 04 2015 10 01 60plus paseoa