Hilketa matxistak kontatzeko markagailua jarri du Udalak Merkatu Plazan

Antton Aizpurua 2019ko ira. 2a, 12:55

Elgoibarko Emakumeen Kontseiluaren proposamena aintzat hartu eta indarkeria matxista salatzeko markagailua jarri du Elgoibarko Udaleko Berdintasun Sailak merkatu plazako eraikinean, San Frantzisko iturrira ematen duen leihoetako batean.

San Bartolome jaietan jarri zuten markagailua urte guztirako egongo da Merkatu plazako eraikinean. Jarri zuten egunerako, eta Gobernu Ordezkaritzaren erregistro ofizialaren arabera, 40 ziren gizonek (izan bikotekide nahiz bikotekide ohiak) estatu espainiarrean hil zituzten emakumeak, baina Feminicios.net webgunearen arabera, kopurua handiagoa da. Izan ere, Gobernu Ordezkaritzaren erregistro ofizialean kontuan hartzeko, beharrezkoa da emakumeek eta haien hiltzaileek harreman sentimentalen bat mantentzea edo noizbait izan izana. Hiltzailearen eta biktimaren artean harreman sentimentalik egon ez bada edo egon dela frogatu ezin bada, zerrenda horretatik kanpo gelditzen dira.

2019 09 02 kontagailua emakume hilak elgoibar merkatu plaza