Tecman enpresako langileek konponbide eske jarraitzen dute

Barren.eus 2019ko abu. 29a, 15:48

59. greba eguna dute gaur Mendaroko ospitalean mantenimendu zerbitzurako kontratatuta dagoen Tecman SVA.S.L. enpresako langileek, baina ez daude amore emateko. Prekarioan ari denak kalitatezko zerbitzua nekez berma dezakeela ohartarazi dute, eta martitzenean Mendaro Ospitaleko larrialdi zerbitzuetan izan zen ezbehar bat azaleratu dute, horren adibidetzat.

 Uztailaren 2az geroztik greban daude Mendaroko ospitalean mantenimendu zerbitzurako kontratatuta dagoen Tecman SVA S.L. enpresako langileak. KPIaren araberako soldata igoera eskatzen dute, 2011n Gipuzkoako metaleko herrialdeko hitzarmena sinatu zenetik izoztuta dituztelako soldatak, bai eta guardian egiten dituzten orduengatik lan bera egiten duten Osakidetzako mantenimenduko langileek beste kobratzea ere. Auzitegira ere jo dute Tecmanek eta Osakidetzak greba eskubidea ukatu dietela salatzeko, eta gaur jakinarazi dute irailaren 20an egingo dela epaiketa, Eibarren. Lan Baldintza prekarioetan ezin dela kalitatezko zerbitzurik eskaini ohartarazi dute, asteartean gertatutakoa adibidetzat jarrita. Sabai zati bat behera etorri zen martitzenean larrialdi zerbitzuetako gunean ur-ihes handi baten ondorioz, eta kalte handiak eragin zituen.

2019 08 28 Mendaroko Larrialdiak urez gainezka
Greba hasi zutenetik ostegunero egin izan duten moduan elkarretaratzea egin zuten atzo Tecmaneko langileek ospitale atarian, 'TECMAn borroka, lan hitzarmen duin baten alde' lelopean. Maiatzaren 1ean hartu zuen Tecman enpresak ospitaleko mantenimendu zerbitzuaren ardura, eta ordutik, langileen lan baldintzak izugarri eskastu direla salatu du LABek, bai eta langileek eurek ere. Sartzeaz batera,  "justifikaziorik gabe eta inolako azalpenik eman gabe"  TECMANek langile bat kanporatu zuela salatu dute eta Osakidetzak pliegoetan jasotako lan baldintzetatik bakar bat ere ez dela betetzen gehitu. "Oso lan baldintza prekarioetan ari gara lanean, eta eskatzen duguna ez da beste munduko ezer", dio Aner Agirre mantenimenduko langileak. "Oinarrizko bi hobekuntza eta TECMAN sartu aurretik zituzten lan baldintzetara bueltatzea eskatzen dute funtsean", zehaztu du Jon Baranguanek LABek Industria gaietarako daukan eskualdeko ordezkariak.

Guardia egun bakoitzeko (22:00etatik 7:00ak bitarteko lanaldia) 11 euro kobratzen dituzte Tecmaneko langileek, eta aldiz, lan bera egiten duten Osakidetzako mantenimenduko langileek, 44 euro. "Zaintzan gauden denboran lantokitik kanpora gaude, etxean sarri, baina deia jasotzen dugunetik orduerdiko tartean agertu beharra daukagu ospitalera. Ez zaigu iruditzen hori eguneko 11 eurorekin ordaintzen denik. Reten hori kendu eta gaueko lanaldia sortu beharko luketela iruditzen zaigu, ospitalean edonoiz gerta daitekeelako larrialdi bat eta larrialdi kasuetan orduerdiko tartea denbora asko delako", esan du Agirrek. Asteartean gertatutakoa jarri du adibidetzat. "Larrialdietarako gunean polibutilenozko hodi batzuk dauzkagu, aspaldian matxura asko izan dituztenak. Osakidetza jakinaren gainean dago, aldiro apurtu egiten direlako. Horietako bat apurtu zen herenegun eta larrialdi zerbitzuetako gunea eta Radiologia gunea urez bete ziren". Carlos Barrenetxeari lanera sartzeko unean deitu zion zaintzan zegoen lankideak. "Aldatzeko astirik ere egin gabe" joan zen larrialdi zerbitzuetara eta kaosa topatu zuen han. Barrenetxeak esan du hiru ordu behar izan zituztela matxura konpontzeko, eta tarte horretan urak kalte handiak eragin zituela. "Ura 60 graduko tenperaturan zetorren eta esku hutsik ere ezin ginen jardun. Ahal genuena egin genuen, baina hiru ordu behar izan genituen dena konpontzeko, eta tarte horretan diru asko balio duten makinak-eta busten egon ziren. Eta hori, nire lankideak esan duen moduan, gaueko txanda balego saihestu ahal izango litzateke".