Hamargarren urtez garbitu dute Deba ibaia herriko gazteek

Barren.eus 2019ko abu. 29a, 14:41

Aulkiak, mahaiak, patineteak, mugikorrak, era guztietako burdin zatiak, edari latak... edukiontzi bat baino gehiago betetzeko adina zabor atera dute Deba ibaitik hainbat gaztek, gaur goizean. Aurtengoa berezia izan da gainera, ibaia garbitu duten hamargarren aldia izan baita. Hori dela eta, mural bat osatu dute amaieran.

Txuri beltzean zegoen marrazki baten gainean koloretako beste marrazki bat sortu dute, puzle bat bailitzan zatiak lehenengo marrazkiaren gainean pegatuz. Paula Herasek egin ditu bi marrazkiak. Muralean hamar urteotan ibaiaren garbiketan parte hartu duten 150 lagunen izenak idatzi dituzte gero, egindago lanari aitortza egiteko. Elgoibarko Gazte Asanbladak antolatzen du Deba ibaiaren garbiketa. 

Gaur lagun gutxi aritu dira garbiketa lanean, baina, hala eta guztiz ere, zabor mordoa atera dute Deba ibaitik. Herriko Antzoki paretik hasi eta hiru bat orduan jardun dute ibaia garbitzen, Giza Eskubideen parkeraino.

Urtero moduan, era guztietako zaborra topatu dute ur azpian eta ibai bazterretan, tartean dordoka bat ere bai. Espezie inbaditzaile bateko dordoka dela-eta basozainari deitu diote gainera, dordoka ibaitik atera zezan. Maala parean motor zahar bat ere topatu dute, baina ahaleginak egin arren, ezin izan dute ur azpitik atera, pisua baitzuen eta harrien azpian kateatuta zegoelako, itxura batean. "Auskalo zenbat denbora daraman hor", aipatu du garbiketa lanetan jardun duenetariko batek.

 2019 08 29 deba ibaia garbiketa elgoibar gazte asanblada 1

2019 08 29 deba ibaia garbiketa elgoibar gazte asanblada karretila txankakoa

2019 08 29 deba ibaia garbitu gazte asanblada elgoibar muralagaz

 • Eskulanak, magia eta musika Maalan

Arratsaldean umeentzako eskulan tailerra antolatu zuten Egur taldekoen laguntzaz, eta segidan Niala Magoak magia ikuskizuna eskaini zuen. Gauean berriz, rock musikaz gozatu zuten elgoibartarrek Bikustik taldearekin. Ion Gurrutxaga eta Patxi Zabaletak osatzen dute Bikustik, baina gonbidatu berezi bat ere izan dute oholtzan: Ehun Kilo taldeko Jon Zabala. Mendekua abestia kantatu zuten.