Gizartea

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

G7koak Miarritzen egiten ari diren goi bilerak eragin dituen eragozpenak jakinak dira dagoeneko. Poliziaz eta kontrolez josi dituzte Miarritze inguruko bazterrak eta herritarren egunerokoan traba handiak sortu dituzte hartutako segurtasun neurriek, baina bestelakoak ere ekarri ditu G7koen goi bilerak. Elgoibarren, esaterako, San Bartolome bezperan jokatu zen Etxaniz Memoriala jokatuko ote zen ere zalantza egon zen, eta Mendaron, Joseba Olazabalek ertzainen bisita jaso du etxean, autobide bazterrean Trumpen aipamena egiten duen kartel bat tarteko. Nonbait, AEBetako zerbitzu sekretuetakoek kartela ikusi, eta "mezuak nahastuta", ertzainak bidali zituzten Olazabalen etxera, kartelak zer iradoki nahi zuen argitzeko.

 

2019 08 25 Joseba Olazabal Help Trump

Atzo, ostiralean gertatutakoa ezin sinetsita zegoen artean Joseba Olazabal. Olazabalek urteak daramatza A8 autobidean zarataren kontrako panelak jartzeko eskatzen, baina agintariek jaramonik egiten ez diotela-eta, hainbat kartel eta bestelako jarri izan ditu bere etxe bueltan eta pareko zelaian, autobidetik ikusteko lekuetan. Umore dosi handiko kartelak dira denak, eta horietako batek 'Help Trump' dio. AEBetako presidentea han eta hemen harresiak eraikitzen hasi zenean bururatu zitzaion Olazabali Trumpi laguntza eskatzea, ironiaz. Halaxe jarri zuen kartela.

Orain, baina, Trump Miarritzera etorri denean, AEBetako zerbitzu sekretuetako poliziek kartela ikusi dute, eta argibide gehiagoren bila ertzainen patruila bat bidali dute Mendarora. "Egunero bezala, protestan ari nintzenean etorri zitzaizkidan ertzainak. Dronen eta A8 autobidean dabiltzan polizia-patruilen bidez zerbitzu sekretuetakoek kartela ikusi dutela azaldu zidaten eta G7koen bilerarekin loturarik ote duen galdetu. Azaldu nien kartelak ez zuela G7koen goi bilerarekin loturarik. Askoz aurreragokoa dela nire borroka. Autobideko zaratarekin higuinduta nagoela eta panelak jartzeko eskatzen dudala. Interneten sartu eta erakutsi nizkien azkeneko urteotan publikatu diren bideo eta abarrak, eta informea osatu eta joan ziren, lasai egoteko esanez. Harrigarria izan da, ez sinistekoa. Esan nahi nuke ertzainek eman didaten tratua oso ona izan dela eta eskertzen diedala arretaz entzun izana", azaldu du Olazabalek. 

2019 08 25 joseba olazabal help trump kartela mendaro

 

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza