Kalegoen plazako eraikinaren erortzearen eraginez kaltetuako bizilagunei babesa erakutsi die PSE-EEk

Barren.eus 2019ko uzt. 18a, 14:27

Elgoibarko PSE-EE alderdiak babesa eta elkartasuna erakutsi die Kalegoen plazan erori zen etxebizitza zatiaren eraginez kaltetuak izan diren bizilagunei. Era berean, "pozik" agertu da, "poliki-poliki" San Bartolome kaleko bizilagunak euren etxeetara itzultzen ari direlako. 

Ekainaren 28an erori zen Kalegoen plazako 4. zenbakiko Artola Etxearen zati bat, eta horren ondorioz, inguruko peoretako hainbat bizilagun euren etxeetatik kanpo daude ordutik. Elgoibarko PSE-EE alderdiko Fernando Suarezek elkartasuna eta babesa erakutsi nahi izan die guztiei. Ia hiru aste pasatu dira ezbeharra gertatu zenetik, eta zinegotzi sozialista "pozik" agertu da, "poliki-poliki" San Bartolome kaleko bizilagunak euren etxeetara sartzen ari direlako, "arriskurik ez dagoelako eta segurtasuna bermatuta dagoelako". Suarezek espero du Kalegoen plazako bizilagunak ere asteburu honetan sartu ahal izatea euren etxeetan. 

Elgoibarko Udalak hainbat neurri hartu ditu hiru asteotan Artola Etxea beraren eta ingurukoen segurtasuna bermatzeko, etxea erortzearen arrazoien zain egon beharrean, eta alderdi sozialistak neurri horiek guztiak babestu zituen astelehenean egin zuten Osoko Bilkuran. Era berean, aldeko botoa eman zion kredituak aldatzeko espedienteari. 300.000 euroko gastua ordainduko du Udalak diruzaintzako gerakinetik, eraikinaren erortzeak eragin dituen kalteak ordaintzeko. Besteak beste, makineria astunen kontratazioa, etxebizitzen habetzeak, hondakinak kentzea eta segurtasuna ordainduko dituzte. 

Suarezek esan du ezbeharra gertatu zen momentutik bertatik erabateko laguntza eskaini ziotela alkateari, egoera "larri" horren aurrean, eta era berean, bere babes guztia erakutsi die kaletutako bizilagunei.