San Bartolome kaleko kaltetuekin batuko da EHBildu

Barren.eus 2019ko uzt. 16a, 13:54

Joan den ekainaren 28an jausi zen etxe zatiak kaltetutako bizilagunekin bilera irekia egingo duela jakinarazi du Elgoibarko EH Bilduk. Kaltetuen kezkak eta iradokizunak jaso nahi dituzte eguen honetan egingo duten batzarrean, zertan lagundu ahal dieten jakiteko.

Ekainaren 28an gertatutako ezbeharrean kaltetutakoen etorkizunarekin "oso kezkatuta" daudela aditzera eman du Elgoibarko EH Bilduk. "Gure elkartasun osoa azaldu nahi diegu kaltetu guztiei eta gure prestutasuna azaldu daukaten edozein beharretan laguntzeko", adierazi dute. Kaltetuek bizi duten une latz honetan eman beharreko pausoetan izan ditzaketen zalantzak jaso eta argitzen laguntzeko antolatu dutela bilera azaldu du koalizioak. "Gure asmoa da beraien ahotik ahalik eta informazio gehien jaso eta eman beharreko pausoetan gure laguntza eskaintzea". Eguen honetan, uztailaren 18an, izango da bilera, Kultur Etxeko hitzaldi gelan, 19:00etan hasita.

Ekainaren 28an gertatutako ezbeharrari buruzko lehen balorazioa egiterakoan, kalte pertsonalik gertatu ez izana poztekoa dela adierazi dute Elgoibarko EH Bilduko ordezkariek. "Baina, hau esan eta gero, kontutan izan behar dugu kalte materialak ugariak izan direla. Badago etxea galdu duenik, negozioa epe luze baterako itxi beharra izan duenik, bere etxean kalteak izan dituenik, e.a.", nabarmendu dute.

∞Lotura duten albisteak: