Ana Aizpiri: “Ez dugu nahi, orain, ETA desagertu eta gero, egin zituztenak tesi faltsuen galbahetik sinestaraztea jendeari”

Barren.eus 2019ko uzt. 12a, 09:14

Hogeita hamaika urte badira ETAren Eibar komandoko bi kidek Eibarren Sebastian Aizpiri tiroz hil zutenetik, eta Covite biktimen elkartean parte hartzeko pausoa eman du orain haren arreba Ana Aizpiri kazetari elgoibartarrak, biktimen elkartearen egitekoa inoiz baino beharrezkoagoa izango dela sinistuta. Aizpirik ez ditu ahaztu Sebastian nebaren eta Patxi Zabaleta herrikidearen kontra orduan esan zituztenak, ez eta atentatuok salatzeko ondorengo egunetan kalera irten ziren milaka herritarrek agertutako babesa ere. Kritiko agertu da, baina, instituzioetatik memoria egiteko sustatu dituzten hainbat ekimenekin, tartean 1956tik 2016ra Elgoibarren izan ziren gizaeskubideen urraketak batzeko Elgoibarko Udalak sustatutako ‘Memoria partekatu baterantz’ dokumentuarekin.

 

•Ahalegindu izan gara aurrez zurekin berba egiten, baina nahiago izan duzu isilean eraman mina. Orain, Covite biktimen elkarteko bozeramaile izendatu zaituzte eta elkarrizketak ere eman dituzu. Zergatik orain? 

Elkarrizketak eman izan ditut aurrez ere, baina Coviten sartu naiz ezagutzen nuelako biktimen elkarte hau eta oso egokia ikusten dudalako Coviteren ibilbidea. Sartu naiz biktimei ahotsa eman dien elkartea izan delako Euskadin, biktimen aurkako erasoei erantzun dien elkartea izan delako, eta ETAkoek bizkarretik bi tiroz hil zuten Sebastianen arreba izanda, hori delako nire elkarte naturala.

 • 2017ko azaroan ‘Memoria partekatu baterantz’ txostena aurkeztu zuen Elgoibarko Udalak. 1956. urtetik 2016ra bitartean herrian izan diren giza-eskubideen urraketen eta motibazio politikoko indarkeria-ekintzen gaineko dokumentua da, Bizikidetzaren Mahaiaren enkarguz Argituz elkarteak egindakoa. Izan al duzu irakurtzeko aukerarik? Zer irizten diozu?
Begiratu bat eman diot gainetik, baina ikerketa sakona egiteko lerroz lerro irakurri behar da eta zer esan pentsatu gero. Hasteko, baina, kontu bat esango dizut: Gauza bat da Frankismoa, diktadura hura, beste gauza bat da trantsizio garaian ETAkoek hil zituztenak eta zer motibazio izan zuten haiek guztiak hiltzeko eta beste gauza bat dira gu guztion kudeaketarako dagoen Gernikako Estatutua onartu zutenetik ETAkoek egindako hilketak. Liburu horretan dena nahasten da, eta ETAren jarduna -estortsioak, bahiketak, jazarpena, hilketak- Gerra Zibilaren ondorio balira bezala aurkezten dizkigute. Baina ez dezagun ahaztu Frankismoa amaitu ostean ere, Franco hil ondorenean ere, ETAk mila ekintza/hilketa gehiago egin zituela; are, gehienak harrezkero egin ditu, eta hori bada azpimarratzeko gauza bat.

 • ETAk eragindako mina txostenean lausoegi agertzen dela uste duzu hortaz?
ETAk kalte handia egin du. Min handia eragin du, eta giza eskubideen urraketa larriak egin ditu. Zeuk esan duzu: lausoa da nabarien txosten horretan. Zer esan nahi du orduan lausoak? Bada, horixe: gauza guztiak zaku berera jaurtitzea eta astintzea apur bat zaku hori, jendeak jarrai dezan lehendik daukan nahastea izaten.

 • ETAren eta Komando Autonomo Antikapitalisten adarrek zortzi lagun hil zituzten Elgoibarren 70eko eta 80ko hamarkadetan. Angel Berazadi eta Ramon Baglietto enpresariak, Anselmo Duran guardia zibila, Jaime Arrese Elgoibarko alkate izandakoa, Jose Exposito guardia zibil erretiratua, Jose Luis Gomez Solis Guardia Zibileko sarjentua eta zuen neba Sebastian eta Patxi Zabaleta laguna. Izan duzu beste biktima horien gertukoekin harremanik?
Bai, noski.

 • 1988ko maiatzaren 25ean hil zuten zure neba Eibarren. Nola oroitzen duzu egun hura? Zein zen Sebastian?
Elgoibarren harategia eta ehunka bezero izan zituen gizona zen Sebastian, sekula inori kalterik egin ez ziona. ETAko gaizkileek eta euren jarraitzaileek, baina, izugarrizko gezurrak jaurti zituzten bere kontra, estrategia baten barruan beti [drogen salerosketan sartuta zegoela zabaldu zuten]. Sebastianen kontrako giroa sortu zuten, zikindu egin zuten haren izena, jendeak isil-isilik eta burumakur onar zezan gero haren hilketa. Estrategia hori erabili dute ETAko pistoladunek behin baino gehiagotan.

 • Arriskuan egon zitekeela ohartarazi zion gertukoren batek zure nebari, bai eta gobernadore zibilak berak ere. Irakurri dugu Sebastianek, bere lagun Patxi Zabaletarekin batera, babesa eskatu ziela Eibarko eta Elgoibarko udalei euren kontrako akusazioak gezurtatzeko eta atentatuen ondorenean milaka lagun irten zirela kalera gertatutakoa salatzera. Jaso zenuten babes horrekin nahiko izan zenuten?
‘ETAren aurka’ hitzak pankartetan agertu ziren lehenengo manifestazioak izan ziren orduko haiek Euskadin. Nik eskerrak eman nahi dizkiet manifestazio haietara joan zirenei, pentsatzera ausartu zirelako. Pentsatzera ausartu ziren eta konturatu ziren ETAk eta euren lagunek gezur galantak bota zituztela Sebastianen eta Patxiren kontra. Eta ez hori bakarrik. Gogoeta egiteaz gainera, euren kontzientziaren araberako portaera izan zuten gero, eta manifestazioetara batu ziren, gehiegikeria haiek salatzeko. Bihotzez eman nahi dizkiet eskerrak, gizalegez jokatu zutelako eta pertsonon oinarrizko eskubidearen alde, bizitzeko eskubidearen alde, tinko agertu zirelako.

2019 07 11 manifestazioa euskadi eta aurka elgoibar arg joseluis nocito 2019 07 11 manifestazioa elgoibar arg joseluis nocito

 Elgoibarren egin den ariketa bera errepikatzen ari dira beste herri batzuetan ere. Bada memoria egin nahi bat. Aldiz, zuk diozu orain inoiz baino beharrezkoagoa delako sartu zarela Coviten. Zuzen egiten ari ez garela iruditzen zaizu?
Zuk nik baino hobeto dakizu, eta horregatik zara kazetaria, politikagintzan dabilen orok komenigarrien zaion memoria egiten duela. ETAk hil dituen biktimen senideok ez dugu nahi ETAren hilketak eta gainerako gaizkile-ekintzak ahaztea, izugarrizko jipoia eman ziotelako herri honi eta Espainia osoari, eta oraindik ere bizibizirik daudelako jipoi horren ondorioak eta ez direlako belaunaldi bakar batean edo bitan desagertuko. Guk nahi duguna da, etxeak egiten direnean adreiluak bata bestearen gainean jartzen diren moduan, gertatutakoak, argi eta garbi, bata bestearen gainean jartzea eta gertakariak gertatu ziren moduan gogoratzea. Nahiko genukeena da ulertzea ETAkoek pertsona bat hiltzen zutenean ez zutela soilik biktima haren kontra egiten, baizik eta gizarte osoaren kontra, pertsonok gizarte berean elkarrekin bizitzeko dugun legea urratzen zutelako. Hauxe da guk nahi ez duguna: Beldurra erabiliz, ETAren beso politikoek jendeari gertatutakoa merezitakoa zela sinestarazten zioten modu berean, orain, ETA desagertu eta gero, gertatutakoak eta egin zituztenak tesi faltsuen galbahetik sinestaraztea jendeari. Nahi duguna da jendeak bere kabuz pentsatzea, behingoz beldurrari astindu bat emanda. ETAren jardunak ekarri digunaz hausnartzea.

 • Nola lor dezakegu herri honetan memoria bateratzaile bat eraikitzea, guztiok egoteko nahikoa aseta, guztiok identifikatuak sentitzeko? Zeintzuk ezaugarri izan beharko lituzke memoriak nahiz kontakizunak?
Hemen, memoria egiteko, modu bateko edo besteko pertsonak erabil daitezke; erabil daitezke modu bateko edo besteko profesionalak, eta gure artean, sasi historialariak asko dira. Eta artxiboetan, askotan egunkariek utzi duten arrastoan, eta hitza duten pertsonen lekukotzetan oinarritutako irakurketa edo konstrukzio bat utziko dutenak historialariak dira. Nire ustez, sasi historialariek egindako gauzek ez dute balio.

 • Bizikidetza lantzea denon egitekoa da, eta hor gehienok konforme egongo gara. ‘Memoria Partekatu Baterantz’ txostenean esaten zaigu horretarako ezinbestekoa dela norberaren minaz haragokoa ikusteko eta hura ulertzeko ahalegina egitea, mina berdina delako, bai batzuentzat eta bai besteentzat. Zer diozu?
Minean denak gara pertsonak. Aldea, gizartearen erreakzioan dago. Uste duzu auzokoek eta hiltzaileen lagunek xaxatuta ETAk hil duen biktima horren senideen mina, urteetan Gora ETA militarraeta ETA, mátalosmodukoak behin eta berriz entzun behar izan dituzten senide horien mina, beren etxekoaz gain ETAk beste ehunka lagun hil dituela ikusi duen senide horien mina, berdina dela? GALekoek 27 pertsona hil zituzten eta ETAkoek 857. GALekoek hil zituzten pertsona horiek biktimak dira, bai, baina Euskadin jendeak GAL xaxatu al zuen? Inor jarri al zen GALen alde hemen? Ez. Hemen ez da GALen aldeko manifestaziorik egin, eta ez da GALen alde prentsaurrekorik eman edo artikulurik idatzi ere, zorionez. Zuk uste duzu biktima horien bizipenak gureen berdinak direla? Elkarbizitzari dagokionean, guk, Coviten gauden 500dik gora biktimok, ez dugu mendekurik hartu, ez eta elkarbizitzaren kontra egin ere, gure senideak hil zituzten momentutik. Guk ez dugu sekula elkarbizitzaren kontra egin. Elkarbizitzaren kontra egin dutenak beste batzuk dira: estortsio gutunak bidaliz jendea beldurtu dutenak, jendea jazarri eta kokilarazi dutenak, jendea bahitu dutenak eta jendea hiltzen saiatu direnak. Mende erdi baino gehiagoan jardun dira horretan gainera, elkarbizitza zapuzten.

 • Alderdi guztien bandera da elkarbizitza. Elkarbizitza sustatzeko ekimenetan elkarrekin agertzen dira lehen elkarrengandik urrun ziren alderdiak ere. Nola baloratzen dituzu keinu horiek?
Hemen, pistolen mehatxupean eta bonben arriskupean egon diren zinegotziak, diputatuak eta afiliatuak lau alderditakoak dira: Aliantza Popularra, UCD, alderdi sozialista eta alderdi popularra. Hori da hemen gertatu dena eta hori ikusi dugu, eta horrek ondorioak izan ditu alderdi horiengan. Alderdi horiek, hasi 80ko hamarkadan eta gaur arte ETAren mehatxupean egon direnek, ezin izan dute gainerakoen indar eta patxada berdinaz aritu joko politikoan.

 • Aurrera begira jarrita, Jaurlaritzak Herenegun Hezkuntza programa aurkeztu du DBHko 4. mailako eta Batxilergoko 2. mailako ikasleek eskoletan 1960-2018ko aroaz gogoetatzeko. Kritika batzuk egin dizkiozue Covitetik, bai eta oposizioko alderdietatik ere. Udazkenerako iragarri dituzte orain hurrengo bilerak. Zer itxura hartzen diozue orain?
Euskadin azkeneko 50 urtetan izan den giza eskubide zapalketarik handiena izan da ETAk egindako hilketena eta hori jasotzea nahi dugu gazteei erakutsiko zaizkien ikus-entzunezkoetan eta emango zaizkien hitzaldietan: jazarpena, estortsioa, bahiketak eta hilketak ez direla gizalegezkoak nabarmentzea eta argi eta garbi esatea onartezinak direla. Guk ezagutu ditugun ekintza terrorista horiek gizarte demokratikoaren, aniztasunaren eta giza eskubideen kontrako eraso garbiak dira, eta ondorioz, ezetz handi bat eman behar diegu. Ez delako zilegia terrorismoa erabiltzea helburu politiko batzuk lortzeko. Gazteek hori ulertzea nahi dugu. Jakin behar dute ezin dela gehiago horrelakorik gertatu. Ezin dela ETA moduko beste talderik sekula sortu; ezin dela ideia poltiko batzuk edo amets batzuk aintzat hartuta auzokoak hilko dituen beste talderik sortu.

Ana Aizpiriri idatzi nahi dionarentzat: prensa@covite.org