Odol ateratzeak egingo dituzte Mendaron eta Elgoibaren datozen barixakuetan

Barren.eus 2019ko uzt. 11a, 13:24

Nekane Murga Osasun sailburuak odola ematera joateko deia egin die herritarrei, udan beharra handitzen dela gogoratuta. Elgoibarren eta Mendaron izango da odola emateko aukera.

 

Mendaron barixaku honetan, uztailaren 12an, egingo dute odol ateraldi bat, 17:30etik aurrera, Ikastolan. Elgoibarren, berriz, uztailaren 19an egingo dituzte odol ateratzeak, 18:00etatik aurrera, odol emaileen lokalean.
Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak publizitate kanpaina bat jarri dute martxan, izan ere, uda sasoian zaildu egiten da segurtasun biltegiei eustea, odol emaile asko kanpoan egoten direlako, eta, hortaz, odol gutxiago ematen delako.

Iaz, Osakidetzaren datuen arabera, gora egin zuen odol emaileen kopuruak: 51.701 odol emaile izan ziren guztira, eta 87.707 aldiz eman zuten odola. Horietatik 8.200, hain zuzen, odol emaile berriak izan ziren. Aurtengo ekaina bitartean, dagoeneko 46.499 aldiz eman dute odola emaileek. Informazio osoagoa: www.irekia.euskadi.eus