Txarrenean, onena

Barren.eus 2019ko uzt. 5a, 09:11

Begirada guztiak San Bartolome kalean jarrita daude aurreko barixakuan Kalegoen plazako 4. atariko etxearen atzealdea jausi zenetik. Astelehen iluntzean bilera egin zuen Udalak kaltetuekin, ordura arteko lanen berri eman eta hurrengo pausoak zeintzuk izango ziren zehazteko. Bileran argitu zuten gutxienez bi astetan ezingo direla bizilagunak euren etxeetara itzuli, eta etxepe horietako negozioak itxita egongo direla. Ezbeharraren lekukoen eta kaltetuen testigantzak batu ditu BARRENek.

 

Xabier Etxeberriak eta Mila Osorok, adibidez, etxea galdu dute. Ez dituzte une gozoak bizi, baina “pozik” daude, gehiago galdu ez dutelako. “Bizitzak beste ez du ezerk balio eta egingo dugu aurrera”, esan du Etxeberriak. Baina ezin du burutik kendu ostiralekoa. “Urte sasoi honetan, normalean, zortzi ume izaten ditugu etxean. Zorionez, baina, nagusiak jai hartzea proposatu zion emazteari lanean, bero handia iragarria zegoelako eta inmobiliarian ez zutelako jendetza handirik espero. Hari eskerrak astearte goizean Lekeitioko etxera joan ginen. Atera kontuak bestela zer gerta zitekeen gurean! Gaur egon gintezkeen hiletaren batean eta ez gaude, eta horregatik, zorionekoak gara. Normalena da ordu horretan umeetako bi plazan egotea futbolean jolasten eta beste bi behintzat telebistari begira egotea egongelan [Egongela osoa, logela nagusia eta sukaldearen zati handi bat jausi dira]”. Kasualitate asko gertatu zirela dio Etxeberriak, denak onerako. 

 

Ostiral goizean Lekeitiotik Elgoibarrera etorri zen Etxeberria, tailerrean baserriko leihoetarako burdina batzuk prestatzera. Tailerrean jardun zen lanean, eta bazkalostean, siesta egin asmoz, etxerako bidea hartu zuen, lo kuluxka autoan egiteko beroegi zegoela iritzita, baina zubi parean buelta eman zuen atzera, biharamunerako laga beharrean burdinak lehenbailehen soldatzea hobe izango zuela pentsatuta. “Eta eskerrak horri ez nago gaur lurpean, bestela siestan harrapatuko ninduelako ziurrenik eta gure egongela oso-osoan jausi delako”.

 • Moralki ondoa jota, baina zorionekoak
Moralki hondoa jota egon arren, zorionekoak direla dio Etxeberriak behin eta berriz. Ez zuen halakorik espero, bistan da, baina harritu ere ez da egin beste asko bezainbat. Ondoko orubean lanean ibili diren denboran zaratak “izugarriak” izan direla nabarmendu du eta hondeamakinak lurra zulatzen eta zimenduak jartzen jardun diren denboran “dardara handiak” igarri dituztela etxean. Zalantzarik ez du: “Ondoan egiten ari diren obrek eragin zuzena izan dute ezbeharrean”. Goizero, ogitara irteten zenean, atzeko hormako lanei begiratzen ziela esan du, eta bere baitan bazuela halako kezka bat. “Eta zer esanik ez Milak [emazteak]. ‘Hemen ezin da bizi’ esaten zidan beldurtuta, eguerdian etxera itzultzen nintzenean. Etxearen aurre alde osoa harlanduzkoa da. Hormak metro erdi baino gehiago dira zabaleran eta hori ez da mugitu ere egin. Atzeko aldea, baina, errekako harriz eta lurrez eraikita dago, eta hondeamakinak ibili diren lurra norberak aitzurraz harrotzeko modukoa da. Garai bateko etxeak elkarren ondoan eraikitzen zituzten eta batak besteari eusten zion. Bat ukitzen bada, beraz, normala da besteak eragina izatea, eta hemen ere, San Bartolome 3koa gogortu ezean, batek daki zer gertatuko den”. Zapatuan habetu zuten San Bartolome kaleko hirugarren ataria eta hasieran beste zerbait zabaldu bazen ere, Udaletik jakinarazi dute ziurrenik tente eutsi ahal izango diotela etxeari, bota beharrik gabe.
Arazoak luze joko duela aurreikusten da. Une honetan, Arauri, Goar aholkularitza, Smart Movil telefonia mobileko denda, Mahats, Ipintza, Arkupe, Iturri eta Jai Alai itxita daude. Goarrek Leku Ederreko lokal batetik peorara sarbidea duenez, astelehenean sartzen laga zieten langileei, errenta aitorpena entregatzeko azken eguna zelako eta “bai ala bai” egin beharreko lanak zituztelako. Iria arropa denda, berriz, zabalik dago, baina Lekuederretik sartu behar da. San Bartolome kaleko zazpigarren ataritik beherako negozioak, berriz, zabalik daude, baina udaltzainek ohartarazi diete hondakinak kentzen ari diren langileek makinaria astuna sartu beharra baldin badute, itxi egin beharko dituztela.