Ana Aizpiri izango da Covite elkarteko bozeramailea

Barren.eus 2019ko eka. 14a, 13:29

ETAren indarkeriaren biktimen Covite elkarteko bozeramaile ardura hartu du Ana Aizpiri elgoibartarrak. Horrekin batera, 31 urteren ondoren, Sebastian anaiaren hilketaz aritu da estreinakoz komunikabie batean. Ahanzturaren arriskuaz mintzatu da Euskadi Irratiko Faktoria irratsaioan.

Hogeita hamaika urte badira anaia hil zutela, eta orain eman du urratsa Aizpirik Covite elkartean parte hartzeko, biktimen elkartearen egitekoa, inoiz baino beharrezkoagoa izango dela sinistuta.

Sarri gordean eraman duen minaz mintzatu da Maite Artolarekin Faktoria saioan izandako hizketaldian. Anaiaren hilketak eragindakoa 'min sakon eta mikatza' izan dela esan du eta azpimarratu du ETAko biktimak guztiei bezala, beste min bat gehitu zaiola gero: 'Norberaren min horrek, ondoren beste min, zabal, hedatu eta gaixo bat dakar. Hainbeste pertsonek jarraitzea gerora etorriko ziren hilketen ondoren, ETAkoak xaxatzen, haien alde egiten eta 'ETA matalos esaten' urteetan eta urtetan'. 

Hiru hamarkada pasata ere, Ana Aizpirik ez ditu ahaztuta anaia droga trafikoarekin nahastuz zabaldu ziren gezurrak: 'Niregatik ere esan zuten Barajasen drogarekin harrapatu nindutela'. Azpiriren arabera, estrategia bat zen gezurra zabaltzearena, pertsona seinalatu eta ETAk hil ondoren 'inork ez zezan burua jaso kontra egiteko'.

Uste du 'inoiz ez dela berandu' horrelakoak gogoratzeko eta 'ahanzturaren inertziaren aurka egiteko' erabaki du orain, 31 urteren ondoren, Covite barruan ardurak hartzea. Euskal Herrian gertatutakoaren errelatoak jaso beharko du, bere ustez, helburu politiko batekin erabili zela terrorismoa. Gertatutako lotsagarrikeriak kontatu behar dira, gazteek ezagutu ditzaten eta berriro gerta ez daitezen.

Elkarrizketa osoa hemen: https://www.eitb.eus/eu/irratia/euskadi-irratia/programak/faktoria/audioak/osoa/6479278/audioa-ana-aizpiri-ahanzturaren-inertziaren-arituko-da-covitetik/

(iturria eta argazkia: www.eitb.eus)