Juanita Loiola andereñoari omenaldi beroa egin diote Mendaroko Ikastolan

Barren.eus 2019ko eka. 9a, 19:10

 Juanita Loiola andereñoak erretiroa hartuko du aurtengo ikasturtea amaitzen denean, eta bere lankideek eskerrak emateko omenaldia egin zioten atzo, Mendaroko Ikastolaren Egunean. Senide, lankide, ikasle, lagun eta bere ibilbidean ondoan izan dituen guztiak izan ziren atzoko ekitaldian. Hemen duzue bideoa.

16 urterekin hasi zen Juanita Loiola irakasle Mendaroko Ikastolan, eta 63 urterekin hartuko du erretiroa, ikasturte amaieran. Ikastolaren Eguna ospatu zuten atzo Mendaron, eta egun hori baliatu zuten lankideek Juanitari espero ez zuen ezustekoa emateko. 12:50etan puntuan hasi ziren txalaparta hotsak, eta hori entzuteaz bat bildu ziren denak Ikastolako patioan. Juanita ere orduantxe ekarri zuten, eta negarrari eutsi ezinda egon zen lehenengo momentutik. Aurreskua dantzatu zioten lehenik, eta segidan, bere ibilbidean ikasle, ikasleen guraso eta lankide izan direnak protagonista zituen bideoa jarri zioten. Eskerrak eta musuak bidali zizkioten denek, milaka musu, bata bestearen atzetik.

Bideoaren ostean, berak hartu zuen hitza. Hain zegoen hunkituta, hitzak ere nekez irteten zitzaizkiola, baina asmatu zuen berak ere denei eskerrak ematen, eta musu erraldoi bat itzuli zien guzti guztiei. Bere irakasle bizitza oso oparoa izan dela nabarmendu zuen, eta jubilatu arren, Mendaron egongo dela adierazi zuen, laguntzeko prest.

Irakurri hemen Juanita Loiolak BARREN aldizkatiari emandako elkarrizketa (BARREN 1120. zenb -PDF-)