Arriagan oinezkoentzako pasabide segurua eskatzeko protestak hilero egingo dituzte

Barren.eus 2019ko eka. 6a, 18:11

Botoidun semaforo bat edo beste edozein modutako pasabide seguru bat eskatzen dute Arriagako bizilagunek, errepidea segurtasunez gurutzatu ahal izateko. Auzoko bizilagun Mireya Cearsolok jakinarazi duenez, protesta ekitaldiak hasi dituzte, eta hilero egiteko asmoa dute. Plataforma bat ere sortuko dutela gaineratu du, Arriagako arazoa bistaratu eta herritarren babesa lortzeko. (bideoa dauka)

Mireya Cearsolok (Elgoibar, 1964) urte asko eman ditu Elgoibartik kanpora, besteak beste, 30 urte inguru Grezian, baina sortzez Arriaga auzokoa da. 2017an itzuli zen berriz etxera, Elgoibarrera, Arriaga auzora, hain zuzen ere, eta berehala konturatu zen bere auzoan bizitzea arriskutsua zela. Lanera joateko autobusa hartu behar izaten du egunero, eta baita bere alabak ere, eskolara joateko. Errepidearen beste aldean dute autobus geltokia, eta trafiko handia dagoen orduetan errepidea gurutzatu ezinda ibiltzen dira, autoak ziztu bizian ibiltzen direlako gune horretan.
Botoidun semaforo bat edo beste edozein modutako pasabide seguru baten beharra ikusten du, errepidea segurtasunez gurutzatu ahal izateko. Udalera jo zuen lehenengo arazo honen berri ematera, baina handik Foru Aldundira bideratu zuten, errepideak Udalaren konpetentzia ez direla esanez. Foru Aldundian esan zioten teknikoki eta ekonomikoki ez zela posible berak eskatzen zuena egitea, autobus geltoki horrek erabiltzaile gutxi zituelako. Arartekoarengana ere jo du, baina honek ere ez dio babesik eman, eta ontzat jo ditu Aldundiak eman zizkion arrazoiak. Protestak hasi ditu, -joan den maiatzaren 23an egin zuten aurrenekoa- eta hilero egiteko asmoa dauka. Plataforma bat ere sortuko, Arriagako arazoa bistaratu eta herritarren babesa lortzeko. Bere ustez agintarien egitekoa da bere herritarren segurtasuna bermatzea, eta horixe eskatzen dio Elgoibarko Udalari.