Angel Basterretxea hil da, 54 urtez Mendaroko abade izandakoa

Barren.eus 2019ko eka. 3a, 22:09

Angel Basterretxea hil da (Mutriku, 1936). 54 urtez izan zen Basterretxea Mendaroko abade, harik eta 2016ko azaroaren 6an erretiroa hartu zuen arte. Bihar (ekainak 5) izango da hileta meza, Mutrikuko parrokian, 19:30ean.

 1962ko urrian iritsi zen Mendarora, 26 urterekin. Saturrarango abade-etxea laga eta Garagartzako mojen komentuan kapilau hasi zen orduan. Elizako ardurez gain, baina, beste ardura asko ere hartu zituen Mendaron, eta bereziki herrigintzan egindako lanagatik zuten mendaroarrek horren maitatua. BARRENeko kolaboratzaile ere urte luzez izan genuen. 

Albisteak oihartzun handia izan du Mendaron, maite zutelako herritarrek Basterretxea. Abadea zen, baina kritikoa bera parte zen instituzionarekin, Eliza Katolikoarekin. "Herritarren elizan" sinisten zuen, eta ez "infernuaren ideia, beldurraren teknika" erabiltzen zuen elizan, erretiroa hartu aurretxoan BARRENi esan zion bezala (BARREN. 2016-10-28). Gertukoa zuten mendaroarrek eta estimutan zuten. Horren adibide da 2016ko abenduaren 4an herriak egin zion omenaldia. Herriko talde eta eragile ezberdinekin harreman sendoa izan zuen Basterretxeak. Herrigintzan mila saltsatan ibili izan zen, eta herriko gazteekin izan zuen hartuemana eta Mendaro ikastolaren sorreran, Guruzpe elkartearen bueltan eta Mendaro herria sortzeko prozesuan egindako lana aitortu izan dizkiote herritarrek. BARRENeko kolaboratzaile fina ere izan genuen. Iritzia Saileko Zozoak Beleari atalean, esaterako, makina bat testu argitaratu zituen, Alaitz Vives, Oihana Tarragual edota Iñigo Lazkano herrikideekin bikote osatuta. Baina hori baino gehiago ere izan da hedabide honentzat. Mendaroko historia bizia izan da Basterretxea, informazio-iturri oparoa Mendarori lotutako gaietan, eta euskararen normalizazioan hauspo eta akuilu.