Inklusioaren aldeko jaia antolatu dute zapaturako

Barren.eus 2019ko mai. 29a, 20:11

Salento tabernak inklusioaren aldeko jaia antolatu du ekainaren 1erako, aniztasun funtzionala duten pertsonei laguntzeko. Orain dela lau bat urte hasi zen Aspaceko kideentzako bazkaria antolatzen, eta aurten ere halaxe egingo du. Kontzertu bat ere antolatu dute hiru talderekin.

Eguerdian, pizza eta freskagarria eskainiko die aniztasun funtzionala duten lagunei, debalde. Aurten, baina, beste pauso bat eman nahi izan du inklusioaren alde, eta bazkariaz gain, kontzertua ere antolatu du, nahi dutenentzat. Gazte Asanbladarekin elkarlanean, Gaztetxean izango da emanaldia. Mugi Panderoa, J.M. Atlantida eta The Crockets Band (Beatles taldearen tributoa) taldeek emango dute kontzertua, 21:30etik aurrera. Eibarko eta Elgoibarko gazte parrandazalez osatutako erromeri taldea da Mugi Panderoa, eta The Beatles talde mitikoaren abestiak joten ditu The Crockets talde donostiarrak. Batak zein besteak aurrez ere jo izan dute Elgoibarren.

 • Diruaren zati bat Nuala elkartearentzat

Kontzertutik lortzen den diruaren zati bat Elgoibarko Nuala elkarteari emango diote antolatzaileek. Nuala elkartea 2017an sortu zen. Aniztasun funtzionala duten umeen guraso eta lagunek osatzen dute taldea, eta inklusioaren alde lan egiten dute. (erreportajea BARRENen -PDF-)

*Goiko argazkian Mugi Panderoa (Egilea: Anestraat) eta behekoan The Crockets taldea.