Doako wifi sarea jartzeko laguntza emango dio Europar Batasunak Elgoibarri

Barren.eus 2019ko mai. 28a, 12:01

Elgoibarrek doako wifi publikoa izango du Europako Batasuneko diru-laguntza bati esker, 15.000 euroko laguntza, hain zuzen ere.

Europako Batasunak Europako 3.400 herrirekin osatutako zerrenda argitaratu du. Herri horietako bakoitzak 15.000 euroko diru-laguntza jasoko du espazio publikoetan doako wifi sarea jartzeko. Plaza, parke, eraikin ofizial, liburutegi, museo edo osasun zentroak zehazten ditu Europar Batasunak wifia jartzeko espazio publikotzat.

Europako Batasunak WiFi4EU programaren baitan banatuko ditu diru laguntzak. Programa horrek herritarren wifirako sarbidea eta abiadura handiko konexioak (30 Mbps-tik gora) bultzatzen ditu, eta 2018tik 2020ra bitartean Europako ia 8.000 udalerritan ezarri nahi dute. Egitasmoak 120 milioi euroko aurrekontua du. Elgoibarrek WiFi4EU programarako eskaera egiteko bigarren deialdian lortu du laguntza. Eskaerak egiteko epea bi egunetan egon zen zabalik eta 10.000 Udal inguruk egin zuten eskaera. Bruselatik zehaztu dutenez, eskaerak egiteko epea zabaldu eta minutu bat pasa aurretik egin zuten eskaera udalerrien %98 inguruk, joan den apirilaren 4an, izen-emate ordena hartzen baitute aintzat laguntzak emateko. Elgoibarrek epea ireki eta 10 segundora lortu zuen izenematea egitea. (Hona laguntza jasoko duten herrien zerrenda -PDF-)
Laguntza jasotzen duten Udalek 18 hilabeteko epea dute wifi publikoaren instalazioa egiteko, horretarako baimenduta dagoen enpresa baten bidez. Interneterako sarbidea emango duen operadorea aukeratzea Udalaren ardura izango da. Lehen hiru urtetako mantenu kostuak ere Udalak ordaindu beharko ditu.

Beheko argazkian wifi gune pribatu bat Maalan.