Deba ibaia garbitzera dei egin dute Mendaron zapaturako

Barren.eus 2019ko mai. 21a, 09:22

Mendaroko Ludoteka/Gaztelekuak, Gazte Asanbladak eta Arno Guraso Elkarteak antolatu dute Deba Ibaia garbitzeko ekimena, zapaturako.

Mendaroko Udalarekin lankidetzan. 11:00etan elkartuko dira Herriko Enparantzan, eta lantaldetan antolatuta joango dira ibai bazterrak garbitzera. Antolatzaileek ohartarazi dute garrantzitsua dela eskularruak eramatea. Eguraldi txarra balego, beste baterako utziko lukete ibaia garbitzea, eta haren ordez, birziklatze gune ezberdinak sortuko lituzkete frontoian.

Ibaia garbitu osterako, 13:30erako, luntxa antolatu dute Gaztetxean, eta bazkalostean, Mares de plástico dokumentala proiektatuko dute, plastikoaren kalteez gogoeta sustatzeko. Era berean, haurrentzako jolasak eta Amaia Rubio Zulaikaren zuzeneko musika ere izango dela iragarri dute. Parte-hartzeko, izena ematea eskatu dute, maiatzaren 23a (osteguna) aurretik. Izena emateko honako loturan sartu behar da. Lerro hauek idazteko unean, 45 bat lagunek izena emanda zuten.