Arartekoak ontzat eman ditu Foru Aldundiak Arriagan semaforoa ez jartzeko emandako arrazoiak

Barren.eus 2019ko mai. 15a, 06:56

San Antolin auzoko bizilagunek errepidea gurutzatzeko semaforo bat eskatzen dute, baina Foru Aldundiak beraien eskaerari ezezkoa eman dio. Mireya Cearsolo Arriagako bizilagunak Arartekoarengana eraman du gai hau, eta honek ontzat eman ditu Foru Aldundiak semaforoa ez jartzeko eman dituen arrazoiak.

San Antolingo bizilagunak 2012an jarri ziren Elgoibarko Udalarekin harremanetan, autobusa hartzeko bidea gurutzatzean zuten arriskua gutxitzeko eskatuz. Udalak hainbat neurri hartu zituen orduan: Ibilgailuen abiadura 50 kilometro ordura mugatu zuen, errepide erdian isleta bat jarri zuten oinezkoentzako babesleku moduan; eta, errepidea bi zatitan gurutzatu ahal izateko, eta oinezkoekin kontuz ibiltzeko seinaleak jarri zituzten. Auzotarren iritziz, neurri horiek ez dira nahikoak.

2017. urtean etorri zen Mireya Cearsolo San Antolin auzora bizitzera, eta berehala ohartu zen errepidea gurutzatzeak zeukan arriskuaz. Bere ustez, botoidun semaforo bat behar da gune horretan, edo gutxienez, zebrabide bat, auzotarrek bidea segurtasunez gurutzatzeko, eta hori eskatzen ari da azken bi urteotan.

Udalera jo zuen lehenengo, eta 2017ko irailaren 15ean Udaleko Plan Orokorreko zuzendariak ondorengo erantzuna eman zion:

  • N-634 errepidea gurutzatzeko zebrabidea jartzea ez da posible 8.1-IC arauaren arabera; izan ere, tarte hori ezin dugu urbanotzat hartu. Zebrabideak oinezkoari lehentasuna ematean, tarte ez urbanotan arrisku maila gutxitu ez, baizik eta areagotu egingo luke.
  • N-634 errepidea gurutzatzeko semaforoa jartzea ez da ekonomikoki justifikatzen puntu horretan igarobide hori erabiliko duen jende kopurua baxua delako.
  • N-634 errepidea gurutzatzeko aurrez irlatxoak margotu ziren autobus geralekuaren parean. Errepidea igarotzerakoan oinezkoan segurtasuna areagotzeko, irlatxo horiek, pintatuak izateaz gain, elementu fisiko batzuekin (zintarriak...) babestea erabaki dugu, ibilgailuen abiadura murriztu eta oinezkoak hobeto babestuak egon daitezen.

Horrez gain, Elgoibarko Udalak esan zion 634 errepidea Foru Aldundiaren konpetentzia zela. Foru Aldundira jo zuen orduan, eta handik erantzun zioten teknikoki eta ekonomikoki ez zela errentagarria gune horretan semaforoa jartzea. Batetik, Foru Aldunditik eman dizkioten datuen arabera, (2017ko datuak) egunean batez beste 16,5 lagunek hartu zuten autobusa San Antolingo geltokian, eta horrelako erabaki bat hartzeko gutxieneko kopurua 150ean jartzen dute. Bestetik, semaforo bat jartzearen kostua 30.000 euro ingurukoa dela diote, eta horri beste 3.000 euro gehitu behar zaizkio, aginte kontrola kokatzen den distantziaren arabera egin beharreko lur zulaketen ondorioz.

Mireya Cearsolok Arartekoarengana ere jo du gai honekin, baina han ere ez du babesik lortu. Auzotarren ezinegona handia da, eta Cearsolok borrokan jarraituko du. Autobus geltokia errepidearen beste aldean dago, eta derrigorrez gurutzatu behar izaten dute auzotarrek errepidea egunero. "Nire alabak eskolara joateko derrigorrez hartu behar du autobusa, eta beldurraren beldurrez, eskolara joaterik ere ez du nahi. Egun baten leihotik ikusi nuen nola erori zen lurrera, eta ia auto batek harrapatu zuen. Mugikortasun arazoak dituen adineko bizilagun bat ere erori zen, eta beren etxea utzi behar izan dute, hemen ezin dutelako bizi. Istripuak ere izan dira behin baino gehiagotan, baina inork ez gaitu aintzat hartzen. Bigarren mailako bizilagunak gara". Haserre dago Mireya Cearsolo, eta minduta: "Mercadona egiteko inongo arazorik gabe egin dituzte rotonda eta zubia, baina guretzako ez dago dirurik. Bizia jartzen dugu jokoan egunero, baina badirudi gure biziak ez daukala baliorik".

Mireya Cearsolok Udalari eskatzen dio indarra egin dezala kontu honekin Foru Aldundian, uste duelako Udalaren ardura dela herritarren segurtasuna zaintzea.