Hilketa arbuiatu eta biktimen senitartekoei eta gertukoei babesa agertu diete plazan batutako herritarrek

Barren.eus 2019ko mai. 13a, 19:04

Elgoibarko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak deituta, elkarretaratze isila egin dute Kalegoen plazan, joan den zapatuko hilketa arbuiatu eta biktimen senitartekoei eta gertukoei babesa agertzeko. Senitartekoek hildakoaren gorpua bere herrialdera bidaltzeko diru-bilketa hasi dute.

Jendetza batu da plazan zapatu goizeko gertakarak salatu eta labankadaz hil zuten Pablo Acuñaren senide eta lagunei, eta zaurituta dagoen emakumeari, babesa adierazteko. Hamabost minutuko elkarretaratze isila izan da. Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztietako ordezkariak egon dira plazan eta baita hildakoaren senide eta lagunak ere. Lorak eskuetan zituztela egon dira hildakoaren bi arrebak. Pablo Acuña zenaren argazki bat jarri dute elkarretaratzearen amaieran udaletxeko arkupeetan, loraz eta kandelaz inguratuta, eta "lagundu egidazu nire herrialdera itzultzen" jartzen zuen kartela ipini dute gero argazkiaren atzean. Acuña Nikaraguatik etorri zen Elgoibarrera eta gorpua bere sorterrira bidaltzeko diru-bilketa hasi dute. 7.000 euro inguru behar dituzte.. Plazan izan dira dirua batzen, baina herriko zenbait tabernetan eta lokutorioetan ere egongo da laguntzeko aukera.

 

∞Lotura duten albisteak: