Joan den zapatuko hilketa ez dela indarkeria matxista kasua izan zabaldu du Ertzaintzak

Barren.eus 2019ko mai. 13a, 14:42

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, indarkeria matxista baztertu dute Elgoibarko hilketaren kasuan, eta Ertzaintza hilketa gisa ikertzen ari da. Arratsalderako ekarretaratzea dago deituta.

Ustezko hiltzaleak ertzain-etxean jarraitzen duela eta gaur eramango dutela epailearen aurrera jakinarazi du Segurtasun Sailak. 36 urteko gizonezko bat labankadaz hiltzeagatik eta haren bikotekidea, 37 urteko emakume bat, labanaz zauritzeagatik dago atxilotuta. Mendaroko Ospitalean jarraitzen du emakumeak, arriskutik kanpo, itxuraz. Segurtasun Sailak aditzera eman duenez, genero indarkeria zantzurik ez dute aurkitu zapatu goizaldeko gertaeretan. Ertzaintza ikertzen ari da elkarren artean harremanik ote zegoen. Hildakoaren gorpuari autopsia egin zaio Donostian. 
Elgoibarko Mendi Itzulia egiten ari ziren lagunen artean ezkutatuta ihes egiten saiatu zen ustezko hiltzailea, 35 urteko gizonezkoa. Izan ere, erasoa zapatu goizaldean izan zen, 05:50ak aldean, eta 06:00etan hasi zen Elgoibarko Mendi Itzulia Kalegoen plazatik. Hala, parean tokatu zitzaion ihes egiteko abagunea. Parte hartzaileetariko batzuek, irteera hartzeko unean plazatik korrika pasa zen gizonezko bat ikusi zuten, baina une horretan ez zekiten minutu batzuk lehenago metro gutxira dagoen Antonio Arrillaga kalea eta Giza Eskubideen Parkea bitartean gertatutako erasoaren eta hilketaren berri. Mendizaleen artean ezkutatuta Karakateraino igo zen, eta han ere ikusi zuten zenbait mendizalek, atentzioa deitu baitzien galtza bakeroak jantzita eta gerritik gora biluzik zihoan gizonezkoak. Mendizaleen artean ere segituan zabaldu zen berria eta Morkaiko Mendizale Taldeko Kideengana ailegatu zenean, Ertzaintzari pasa zioten abisua. Deskribapenak bila zebiltzan susmagarriarekin bat egiten zuela ikusita, Ertzaintzako agenteak eta Elgoibarko udaltzainak Sargoate ingurura joan ziren, han jartzen baitute Morkaikokoek lehen anoa postua. Ertzaintzak parte hartzaileen zerrenda eskatu zien antolatzaileei, eta ihes eginda zegoen susmagarriarekin topo eginez gero, ez ezer egiteko ohartarazi zituzten. Kalez jantzita, mendizaleak zetozen kontrako bidea egin zuten poliziek, bidean gurutzatzen zituzten mendizaleei susmagarria ikusi zuten galdezka. Irukurutzetatik beherako bidean atzeman zuten eta 11:00ak inguruan atxilotu zuten.

 • Elkarretaratzea
Gertatukoaren larriaren ondotik, alkateak eta alderdietako bozeramaileek urgentziazko bilera egin zuten zapatu eguerdian, eta adierazpen instituzionala kaleratu zuten. Hilketa arbuiatu eta biktimen senitartekoei eta gertukoei babesa agertu zieten oharrean, eta erasoa salatzeko eta "indarkeriarik gabeko gizarten baten alde egiteko", elkarretaratze isila antolatu zuten gaur arratsalderako. Kalegoen plazan izango da elkarretaratzea, 19:00etan, eta parte hartzera deitu dituzte herritarrak.

∞Lotura duten albisteak: