36 urteko gizonezko bat hil dute labankadaz Giza Eskubideen parkean, eta Ertzaintzatik jakinarazi dutenez, 35 urteko gizonezko bat atxilotu du 11:24an, hilketarekin zerikusia duelakoan.
Erasotzaileak bikote bati eraso dio. Gizona unean bertan hil da, eta emakumea, ospitalera eraman dute, zaurituta. 5:50ak aldera jaso dute abisua SOS Deiak larrialdi zerbitzuan. Inguruko bizilagunek jakinarazi dutenez, oihu handiak entzun dituzte goizaldean, 6:00ak aldera. Udaltzaingoko agenteak eta Ertzaintzakoek inguru guztia itxi dute 6:30ak bueltan. Udaletxetik Santa Ana kalera artekoa eta Antonio Arrillaga kalea ere itxi dute Correos pareraino. Ertzaintzako polizia zientifikokoak laginak hartzen ibili dira eta baita lekukoei galderak egiten ere. Hildakoaren lagun eta ezagunak ere gerturatu dira ingurura.
Gertatukoaren larriaren ondotik, alkateak eta alderdietako bozeramaileek urgentziazko bilera egin dute eguerdian, eta adierazpen instituzionala kaleratu berri dute. Hilketa arbuiatu eta biktimen senitartekoei eta gertukoei babesa agertu diete oharrean, eta erasoa salatzeko eta "indarkeriarik gabeko gizarten baten alde egiteko", elkarretaratzea antolatu dute astelehenerako, hilaren 13rako. Kalegoen plazan izango da elkarretaratzea, 19:00etan, eta parte hartzera deitu dituzte herritarrak.