3.700 marihuana landare atzeman ditu Ertzaintzak Elgoibarren eta hiru lagun identifikatu ditu

Barren.eus 2019ko mai. 8a, 15:26

Ertzaintzak 3.700 marihuana landare atzeman zituen atzo Elgoibarko industrigune bateko pabilioi abandonatu batean, eta hiru lagun identifikatu zituen. Nabe horretan legez kanpoko aktibitatea garatzen ari zenaren susmoa zeukan Ertzaintzak. 

Ertzaintzak polizia operazioa jarri zuen martxan atzo Elgoibarko industrigune bateko pabilioi abandonatu bat miatzeko. Bertaratutako ertzainek bi nabe miatu zituzten, eta 3.700 marihuana landare atzeman zituzten. Azpiegiturak marihunana landatzeko beharrezkoak diren elementuz hornituta zeuden: argiztapen berezia, haizagailuak, aire filtroak, ke erauzgailuak… Hori guztia martxan egoteko kontsumo handiko instalazio elektrikoa zeukan pabilioiak. Horrez gain, marihuana kukuluak prestatu eta lehortzeko gunea ere zeukan, prentsa, deshidratatzeko makina, pisua eta kukulu lehorrez beteriko kaxak ere zeuden. 

Miaketaren unean hiru lagun identifikatu zituzten ertzainek, eta epailearen aurrean deklaratu beharko dute, osasun publikoaren kontrako ustezko delituagatik. Osasun Departamentuan analizatzeko laginak hartu ostean, landare guztiak errotik moztu zituzten, ondoren suntsitzeko. 

Duela bi urte, 2017ko maiatzean, Ertzaintzak 14.000 marihuana landare atzeman zituen Arriaga industrialdeko industria-nabe batean, eta bost lagun atxilotu zituzten.

 Lotura duten albisteak:

*Argazkiak: Ertzaintza