Javier Oñederra: “Bizitzeko herri lasaia eta segurua da Elgoibar”

Barren.eus 2019ko mar. 29a, 08:30

Abenduan aldatu zen lege batek aukera eman dio Javier Oñederrari 61 urterekin erretiroa hartzeko. 38 urte egin ditu Elgoibarko Udaltzaingoan.

Elektrizista ikasketak egin zituen Eibarko Armeria Eskolan, baina lanean hasi eta gutxira lanik gabe gelditu zen, eta urtebete langabezian eman ondoren, udaltzain lanposturako aurkeztea erabaki zuen. Hiru lanpostu betetzeko deialdia egin zuen Udalak, eta bera izan zen aukeratuetako bat. 1984an, kabo kargurako azterketa gainditu zuen, eta azkenik, udaltzainburu posturako oposizioak gainditu zituen 1995ean. 24 urte egin ditu postu horretan.

 • Uste zenuena baino lehenago jubilatzeko aukera izan duzu. Nola izan da?

Abenduaren 14an lege berri bat onartu zuten, eta lege horrek dio udaltzain gisa lan egindako urte kopuru jakin batetik aurrera, bost urtez aurreratu daitekeela jubilatzeko adina. Uste dut 25 urtez udaltzain lanak egiteagatik, bost urte aurreratzen dutela jubilazioa hartzeko adina. Beste baldintza bat zen Gizarte Segurantzan gutxienez 37 urte izatea kotizatuta. Aspaldi esaten zuten lege hori onartuko zutela, eta azkenean iritsi da eguna. Nirekin batera Javier Arrizabalaga eta Javier Osoro ere jubilatu dira, haiek ere baldintzak betetzen dituztelako. Legea berriz aldatu aurretik, erretiroa hartzea erabaki dugu. Ez disgustura geundelako, ezta gutxiagorik ere. Gaur egun Elgoibarko Udaltzaingoan lantalde oso egokia dago lan egiteko, giro oso ona dago langileen artean eta lasaitasun osoz lan egiten da. Gustura geunden, baina horrelako aukerak aprobetxatu egin behar dira. Sasoi ona daukagu, eta orain aprobetxatu behar dugu.

 • Noiz eta nola erabaki zenuen udaltzain izatea?
24 urte egiteko nengoela sartu nintzen Elgoibarko Udaltzaingoan. Aurten, beraz, 38 urte beteko nituen. Ikasketaz elektrikaria naiz. Eibarko Armeria Eskolan egin nituen ikasketak, eta tailer baten hasi nintzen lanean. Baina orduan ere krisialdian geunden, langabezia-tasa oso altua zen, eta kontratua bukatu zitzaidanean lanik gabe geratu nintzen. Urtebete egin nuen langabezian, eta konturatu nintzen ezin nuela modu hartan jarraitu. Berriz ikasten hastea erabaki nuen orduan. UBI-COU egitera joan nintzen, Peritaje ikasketak egin ahal izateko, baina tarte horretan Elgoibarko Udaltzaingorako lan-poltsa ireki zuten, eta aurkeztea erabaki nuen. Azterketa teorikoa egin behar izan genuen lehenengo, eta proba fisikoak ondoren. Hiru lanpostu zeuden, eta bost lagun aurkeztu ginen. Bik gainditu genituen probak eta lanpostu bat libre geratu zen.

 • Nola pasatu zinen udaltzain izatetik udaltzainburu izatera?
Ni sartu nintzenean ez zegoen udaltzainbururik. Kaboa zen nagusia, Eulalio Sanchez. Gerora, bi-hiru urtera, 83. urtean-edo Jose Zuazubizkar izendatu zuten udaltzainburu. 92an erretiratu zen hura, eta 95ean atera zituzten udaltzainburu postua betetzeko oposizioak. Udaltzain bezala sartu nintzen lehenik; gero, 1984an Kabotzarako aurkeztu nintzen, eta azkenik, udaltzainburu posturako. Hiru maila ezagutu ditut Udaltzaingoan.

 • Zenbat lagunek osatzen dute Elgoibarko Udaltzaingoa?
21 langile daude une honetan. Udaltzainburua, OTA-TAOko langile bat, idazkaria eta gainerakoak, udaltzainak. Lantalde ona daukagu, eta Elgoibar esku onetan utzita jubilatu naiz

 • 11.000 biztanle inguru ditu Elgoibarrek. Nahikoa al da lantalde hori horrelako herri batentzat?
Herriaren tamainari baino gehiago Udaltzaingoak ematen duen zerbitzuari begiratu behar zaio. Hiru txandatan lan egiten dugu. Hau da, 24 orduko zerbitzua ematen dugu, urteko egun guztietan. Txanda horiek bete ahal izateko langile guztiak dira beharrezkoak. Garai baten gaueko txanda kentzekotan egon ziren, baina nik mantentzearen aldeko apustua egin nuen. Langileen arteko katea etengo litzateke bestela, eta ez genuke gaueko inzidentzien berri izango. Elgoibarren beti egin dugu lan hiru txandatan, eta nire ustez, gaueko txanda hori ere behar beharrezkoa da. Herria zaintzen dugu gauetan, eta horrek nolabaiteko lasaitasuna ematen die herritarrei. Ez dut esan nahi gauez lan egiten dugulako ez dela lapurretarik edo bestelako inzidentziarik gertatuko, baina gaizkileek badakite Elgoibarren gauez ere egiten dutela lan udaltzainek eta kontuz ibili behar dutela

 • Nolako herria da Elgoibar, udaltzain baten ikuspegitik?
Gaur egun oso herri lasaia da. Sasoi gogorrak bizi izan ditugu, zapatuetan bereziki, baina astean zehar beti izan da herri lasaia. Larunbatetako kontua 84. urte inguruan hasi zen. Jendea etortzen zen kanpotik arratsaldeetan, baina 22:00ak alderako alde egiten zuten guztiek eta gaua lasaia izaten zen. Handik urte batzuetara botilatzarra hasi zen eta hiru bat urtez desmadre hutsa izan zen. Tren estazioko istripuarekin jo zuen goia egoerak. 2004an bi neska harrapatu zituen trenak, eta orduan erabaki zuen Udalak botilatzarra debekatzea. 2005ean onartu zuen Udalak kalean edatea debekatzen zuen ordenantza. Orduan jendea beranduago etortzen hasi zen Elgoibarrera, eta jaleoa ere beranduago bukatzen zen. Gauez liskarrak sortzen ziren, zaratak, bizilagunekin arazoak... Horren aurrean neurriak hartu behar izan genituen. Legedia eskuan hartuta, legeak baimentzen ziguna egiteari ekin genion. Tabernetan sartzen hasi ginen, 16 urtetik beherakoak identifikatzen eta tabernariei isunak jartzen. Lehenengo gu bakarrik sartzen ginen, alkoholaren kontsumoa kontrolatzera, baina gerora, Ertzaintzaren laguntza izan genuen, drogen kontsumoa kontrolatzeko. 2011-12. urteetan oso gogor jarri ginen, trenaren eta autobusaren etorrera kontrolatzen, eta gazte batzuk iritsi ahala identifikatzen genituen. Labanak eta bestelako tresna asko aurkitzen genituen, eta aurrekariak zituzten gazte asko identifikatu genituen. Egoera horren aurrean jende gutxiago etortzen hasi zen, eta asko lasaitu zen guztia.

 • Zapatuetako botilatzarra arazoa aipatu duzu, baina horren aurretik ere Elgoibarren garai gogorrak izan ziren, heroinaren eraginez bereziki. Nola gogoratzen duzu sasoi hura?
Bai, garai hartan udaltzain izatea ez zen erraza. Eta orain dela gutxi garai hura gogoratu zigun gertakari bat izan genuen. Nire lankideek xiringa bat aurkitu zuten kalean. Txostena irakurri nuenean barruak buelta eman zidan. Gertakari puntual bat izan zen, eta ez dugu gehiago ikusi. Konprobatu genuen gainera, eta zorionez, insulina hartzeko xiringa zen. Baina oroitzapen txar asko ekarri zizkidan. Egia da sasoi zaila izan zela hura, baina zorionez, bukatu zen. Maalako Gaztetxea bota zuteneko sasoia ere ez zen gozoa izan, kale borroka istiluak ere izan genituen sanbartolome batzuetan eta hainbat herritarrek erredura garrantzitsuak jasan zituzten. Egoera hura ere latza izan zen.

 javier onederra udaltzainburua erretiratu elgoibar elkarrizketa barren v1

 • Zein da udaltzainburu baten lana?
Goizean goiz aurreko eguneko txosten guztiak irakurtzen nituen, eta hango informazioaren arabera lanak banatzen nituen. Ezer berririk egoten ez denean, langile bakoitzak badaki zein den bere zeregina, baina aldaketak daudenean txandak berrantolatu behar izaten dira. Txostenak eta atestatuak egitea ere udaltzainburuaren ardura da. Salaketak bideratzea eta horiei jarraipena egitea ere bai. Mota guztietako salaketen jarraipena egitea oso garrantzitsua da, kasu batzuetan salaketak faltsuak izaten direlako. Lapurreten salaketa faltsuak jaso izan ditugu behin baino gehiagotan, eta argi ibili behar izaten dugu.

 • Zelako inzidentziak jasotzen dituzue Udaltzaingoan?
Herritarrek jasaten dituzten kalteak izaten dira gehienak. Lapurretak, estafak... Ez dira izaten balore handiko lapurretak normalean, baina herritarrei kalteak eragiten dizkietenak dira. Etxeetako lapurretak asko jaitsita daude Elgoibarren. Izaten dira, baina ez gehiegi. Genero indarkeria salaketak ere jasotzen ditugu tarteka, eta kasu horretan, salaketa bakar bat bera ere asko da.

 • Elgoibartarrek nola ikusten dituzte udaltzainak?
Bi ikuspegi daude: udaltzainen partetik laguntza jasotzen duen herritarrak ondo ikusten gaitu, eta eskertu egiten du gure lana. Baina, aldiz, zigorra edo isuna jasotzen duen herritarrarentzat dagoen txarrena gara. Eta ez gara, ez bata, eta ez bestea. Udaltzainak ez gara munduko onenak, baina txarrenak ere ez. Gu erdibidekoak gara, eta herritarrei laguntzeko gaude. 2018ko memoria txostena egin nuenean 800 bat laguntza-dei jaso genituela ikusi nuen. Bati giltzak ahaztu zaizkiola eta atea zabaltzeko deitzen digu, edo bakarrik bizi den adineko bat etxean erori dela eta hari laguntzera joaten gara... Horrelako asistentzia pila bat ematen ditugu. w

 • Isunak aipatu dituzula... Herritarrek uste dutena baino zailagoa da isunak jartzea?
Dudarik gabe. Isuna jarri aurretik asko pentsatzen dugu, eta beti saiatzen gara traban dagoen autoaren jabea topatzen. Oso isun gutxi jartzen ditugu. Urtean 1.000 edo 1.200 asko jota, eta txofer gaudenean egiten ditugun gauza guztiak kontuan hartuta, kopuru oso txikia da. Anekdota bat kontatuko dizut: lehen, 4,21 euroko isunak genituen herrian, eta alegazio pila bat izaten genituen, isunak kentzeko eskatuz. Legea aldatu zen eta orain, gutxieneko isuna 40 eurokoa da, baina 200 eurokoak ere badaude. Ba orain ez daukagu alegaziorik. Azkar ordaintzeagatik %50a ordaintzen da; aldiz, alegazioa egiten baduzu eta ez badizute onartzen, isuna bere osoan ordaindu behar da. Askotan ez gara konturatzen autoa gaizki uzteak sortzen dituen kalteak. Denok uste dugu minutu bateko kontua izan dela, baina minutu horrek kalte handia eragin dezake. Minutu bat zamalanen gunean, minutu bat elbarrien aparkalekuan, minutu bat espaloi gainean... Bilera bat egin genuen isunekin nola jokatu zehazteko, eta irizpide batzuk zehaztu genituen, ahalik eta eskuzabalenak izateko. Ordutegia hartu genuen kontuan, autoak zenbaterainoko traba egiten zuen, trafiko handiko gunean ote dagoen gaizki aparkatuta... Irizpide horiek kontuan hartuta, isun asko barkatzen ditugu, eta hori askotan geure kontra doa, atzaparra eman eta besoa hartzen duelako jendeak. Zorrotzak izango bagina, askoz isun gehiago jarriko genituzke.