Kultura Digitalaren Astea eguaztenera arte egongo da martxan Elgoibarren

Barren.eus 2019ko mar. 22a, 21:03

Haur eta nerabeek "teknologiarekiko jarrera sortzaileak" garatzea eta "interneten erabilera arduratsua" sustatzea dira Gipuzkoako Kultura Digitalaren Astea izeneko ekimenaren helburuak. Asmo horretan eragiteko, ikasgela ibiltaria (autobus batean) eta karpa bat egongo dira Kalebarren plazan eguaztenera arte.

Elgoibarko alkate Ane Beitiak eta Kutura eta Gazteriaren Diputatu Denis Itsasok aurkeztu dute gaurtik martxoaren 27ra Elgoibarren egingo duten Kultura Digitalaren astea. "Kultura Digital@: erabilera ona eta sorkuntza” goiburuari jarraituta, ekintza eta jarduera eskaintza zabala antolatu dituzte datozen egunetarako.“Ekimenaren helburu nagusia sareen erabilera kritiko eta kontzientea sustatzea da”. Horregatik, sare sozialak gehien erabiltzen dituztenengana, hau da, gazte eta nerabeengana ailegatu nahi dute eta baita hezitzaileengana ere, denak mundu digitalerako prestatzeko. Denis Itsasoren berbetan, Aldunditik lan egiten da gazteak hezteko eta sareak eta Internetek dituzten arriskuez kontziente izateko. Izan ere, teknologia berriak bizitzeko, lan egiteko eta harremanak izateko modua aldatzen ari dira, eta egoera honen aurrean, umeek, nerabeek eta gazteek ez dute esperientziarik edota kanpoko erreferentziarik planteatzen zaizkien egoera eta erronkei aurre egiteko. "Horregatik, Aldundiak Kultura Digitaleko programa jarri zuen abian 2017an, gazteei eta haien guraso nahiz hezitzaileei mundu digitalean ongi moldatzeko irizpideak eta laguntza emateko", esan du. Ekimen honen helburua sareen erabilera kritiko eta kontzientea sustatzea, bretxa sozialarekin amaitzea, teknologiarako sarbiderako generoko eta lurraldekoa eta ziberbullying-ari aurre egiteko tresnez dohatzea da.

 • Askotariko ekintzak

Hainbat ekintza antolatu dira martxoaren 22tik martxoaren 27ra bitartean egiteko. Alde batetik, ikasgela ibiltarian (iaz ere herriz herri ibili zen autobusa, Irizarrek utzita) bideo-jokoak eta webguneak sortzeko programazio-tailerrak emango dituzte (zapaturakoak jada beteta daude) ume eta gaztetxoei (8-16 urte). Ildo horretan, Ludotekako erabiltzaileek instalazioak martitzenean, martxoaren 26an, bisitatuko dituzte, 17:00etan eta Gaztelekukoek, zapatuan eta eguaztenean, arratsaldez, hau da, martxoaren 23an eta 27an. Bestalde, Elgoibarko jubilatuek martxoaren 26an, martitzena, 17:00etatik 19:30era mugikor eta tableten erabileraren oinarrizko arauen inguruko sesio informatiboa jasoko dute batxilergoko ikasleen eskutik.Halaber, zapatuan, hilak 23, 17:00etan eta astelehenean, martxoak 25, 17:30ean ipuin kontalariak egingo dira. Aipatzekoa da ere, eguaztenean eta eguaztenean, hilak 26 eta 27, Kz Guneak klase bat emango duela.Bestalde, udalerrietako ikastetxeekin elkarlanean, ikasleek eginiko proiektu teknologikoak aurkeztuko dituzte. Topaketak ere antolatu dituzte herri bakoitzean ezagupen digitala eta teknologikoa lantzen duten elkarteekin.Topaketa eta bilkura horietan parte hartzen duten haur, nerabe, gazte, guraso eta hezitzaileen artean GFAk zibersegurtasuna lantzeko prestatu duen material didaktikoa zabalduko da.Egunaren bukaeran, 20:00etan, 8Gb-ko eta konektore bikoitzak dituzten 3 pendrive zozketatuko dira egunean zehar parte hartu duten pertsonen artean.

 • kulturadigitala.eus
Kultura Digitalaren Asteak kulturadigitala.eus webgune berria izango du. Bertan, asteetako programazioaz gain, haur, nerabe, gazte, familia eta arloko profesionalentzako baliabideak jarriko dituzte eskura.
Zibersegurtasunaren erabilera arduratsua sustatzeko, alde batetik, 4-10 urteko haurrentzako liburu ilustratu digitalak doan jaisteko aukera eskaintzen da; beste aldetik, guraso eta hezitzaileei zuzendutako material pedagogikoa deskargatzeko aukera ere badago webgune honetan.