Oinarrizko Bizi Euskarriari buruzko tailerra emango dute martxoaren 22an

Barren.eus 2019ko mar. 17a, 10:04

Urbizi Urazpiko Elkarteak eta Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak Oinarrizko Bizi Euskarriari buruzko tailerra antolatu dute martxoaren 22rako, Olaizaga Kiroldegian.

Oinarrizko Bizi Iraupenerako maniobra batzuk ikasiko dituzte ikastaroan, hau da, bizi iraupenerako katea martxan nola jarri. Bihotzekoen eta bat-bateko heriotza kasuen hirutik bi ospitaletik kanpo gertatzen dira, kalean edo etxean edota kirola egiten ari garenean. Halako kasuetan, lagun horien biziraupena ingurukoen eskuetan gelditzen da eta horiek dituzten ezagutzen menpean. Horregatik da garrantzitsua edozein herritarrek bat-bateko heriotza arrisku kasuak detektatu eta emergentzia eta suspertze neurriak ezagutzea. Oinarrizko ezagutza hori ematea da ikastaroaren helburua.

Martxoaren 22an, barixakua, emango dute ikastaroa Olaizaga kiroldegian, 18:30etik 20:30era. Izen-emateak Olaizaga Kiroldegian egin behar dira. Patronatuko bazkideentzako ikastaroa doan izango da eta bazkide ez direnek 10 euro ordaindu beharko dituzte. Hala ere, tailerrean parte hartu duten ziurtagiria nahi izanez gero, bazkide eta bazkide ez direnek 45 euro ordaindu beharko dute.