Emakumeek kalea hartu dute

Barren.eus 2019ko mar. 8a, 13:16

Greba egitera deituta daude gaur emakumeak* [emakume gisa identifikatzeko modu ugari daudela irudikatzen du izarrak]. Emakumeen lanak gure gizartean duen eragina ikustarazteko eta lan hori aintzat hartu dadila eskatzeko deitu du grebara mugimendu feministak; emakumeen ekarpenik gabe, gizartea geratu egiten dela erakusteko.

Askotariko emakumeek bat egin dute kalean Emakumearen Nazioarteko Egunean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eskatzeko, eta halaxe izan da Elgoibarren eta Mendaron ere. Jende uholdea osatu dute bi herrietako kaleetan, 12:00etan egin dituzten elkarretaratzeak eta manifestazioa oso jendetsuak izan baitira. Elgoibarko manifestazioa emakume gazteek gidatu dute, Elgoibarko institutuko ikasleak gehienak, baina askotariko emakumeak izan dituzte atzean. Mendaron ere jendetza batu da Herriko Enparantzako elkarretaratzera. Gero, aurreikusita ez zegoe arren, manifestazio inprobisatua egin dute herriko auzo eta kaleean barrena. Amaieran, berriro elkartu dira plazan eta Zutik emakumeak kantua abestu dute batutakoek. Elgoibarren beste elkarretaratze bat egingo dute arratsaldean, 19:00etatik aurrera, Uluka batukada taldekoen laguntzarekin. Kalegoen plazan izango da.

24 orduko greba da gaurko antolatu dutena, eta bost ardatzetan oinarritu dute: ikasleak, enplegua, pentsiodunak, kontsumoa eta zaintza. Hala ere, azken horri, zaintzaren gatazkari, eman nahi diote garrantzia. «Bizitza sostengatzeko ardura kolektiboa eskatzen dugu, pertsonen zaintza ez dadila zapalduon bizkar geratu», jaso dute grebara deitzeko oharrean.
Izan ere, zaintza-lanak, ia beti, emakumeek betetzen dituzte. Datuek argi erakusten dute. Elgoibarren zaintza profesionalean ari direnengan jarri dugu begia guk aste honetan BARREN aldizkarian argitaratutako erreportajean. San Lazaro egoitzan, 52 bat langiletik lau ez beste guztiak emakumeak dira, eta Eguneko Zentroan, hamar langile daude guztira, emakumezkoak denak. Udalaren Etxez Etxeko zerbitzuan, berriz, bederatzi langile daude: zortzi emakume eta gizon bat. Zaintzari lotutako zikloetan 173 ikasle daude guztira Meka ikastetxean, eta horietatik 145 dira emakumeak: Haur Hezkuntzako goi zikloan (36/6), Erizaintza laguntzaile izateko zikloan (53/9), Gizartertze zikloan (24/6) eta Mendekotasun Egoeran Dauden Pertsonen Arreta zikloan (32/7).

Irakurri hemen: Emakumeek* planto erreportajea osorik (BARREN 1109. zenb -PDF)

2019 03 08 martxoak 8 elkarretaratzea mendaro enparantzan panoramika

2019 03 08 martxoak8 greba feminista manifestazioa elgoibar barren

2019 03 08 martxoak 8 greba feminista manifestazioa elgoibar maala barren