Zaintza zerbitzua, martxoaren 8an greba eskubidea bermatzeko

Barren.eus 2019ko mar. 6a, 19:59

Martxoaren 8an emakumeei greba egitea errazteko 8 urtera arteko umeentzako zaintza espazioa eskainiko du Elgoibarren gizon talde batek.

Kultur Etxeko hitzaldi gelan sortuko dute zaintza espazioa, 17:00etatik 21:00etara, eta zaintzaileen artean hezitzaile tituludun lagunak ere izango dira.

Talde horretakoek gonbidapena egin diete egun horretan euren kargu umerik ez duten gizonei zaintza zerbitzuan laguntzeko. Interesa duenak Elgoibarko gizon boluntarioen e-posta honetara idatzi behar du: m8gizonekzer@gmail.com. Era berean, egun horretan umea(k) zaintzen egongo diren gizonak ere gonbidatu dituzte Kultur Etxera: “Zuen umea gurekin ekarri nahi ezkero, edo umea zaintzen dagoen gizona bazara, espazioa erabiltzera gonbidatuak zaudete”. Jolasak eramateko eskatu dute.

 • Gizonentzako gida

Emakumeak daude deituta martxoaren 8ko greba feministara, baina deitzaileek hainbat argibide eman dituzte gizonen paperaren inguruan. "Gizona bazara zaintza lanez arduratzea da lehentasuna, eta ez mobilizazioetan parte hartzea", zehaztu dute. martxoaren 8an etxeko eta zaintza lanez arduratzeko eta greba bultzatzeko gizonentzako gida ere argitaratu dute grebafeminista.wordpress.com web orrian.