Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira ekintza egitarau zabala

Barren.eus 2019ko mar. 4a, 21:29

Greba izango da martxoaren 8rako iragarritako protesta ekintza nagusia, baina mobilizazioak eta beste era askotariko ekitaldiak ere izango dira Elgoibarren zein Mendaron, martxoaren 20ra bitartean.

Emakumeen Nazioarteko Egunean greba egitera deitu ditu emakumeak* [heteropatriarkatuak zapaldutako subjetuak: emakumeak, bollerak eta transak] mugimendu feministak eta deialdiarekin bat egin du gehiengo sindikalak: ELAk, LABEek, ESK-k, Steilasek, EHNEk, Hiruk, CGTk eta CNTk. Bost ardatzetan oinarritu dute aurten greba, ikasleak, enplegua, pentsiodunak, kontsumoa eta zaintza, eta hain zuzen ere azken hori, zaintzaren gatazka, jarri dute zentralitatean. Ohartarazi dute zaintza ardura koletiboa dela, baina salatu dute pertsonen zaintza zapalduen bizkar gelditzen dela beti. Horregatik, zaintzaren “berrantolaketa soziala” egitea eskatu dute. 24 orduko greba da antolatu dutena, eta lantoki eta ikasgeletan greba egitera, mobilizazioetan parte hartzera eta zaintza lanak albo batera lagatzera deitu dute. Greba irudikatzeko, berriz, balkoietan eta leihoetan amantalak eskegitzea proposatu dute eta besoko moreak eta txapak jaztea. Labur esanda, “eguneroko normaltasuna apurtu” nahi dute. Gizonak ez daude berez grebara deituta, baina haientzat ere bada eskaerarik: zaintza lanen ardura bere egiteko, eta lantoki zein herrietan zaintza gune komunitarioak antolatzeko.

 • Martxoak 8ko ekintzak eta zaintza zerbitzua Kultur Etxean
Elgoibarren elkarretaratzeak antolatu dituzte martxoaren 8rako, 12:00etarako eta 19:00etarako, Kalegoen plazan. Era berean, gizon talde batek 8 urte arteko umeentzako zaintza zerbitzua antolatu du martxoaren 8rako. Kultur Etxeko hitzaldi gelan sortuko dute zaintza espazioa eta zaintza zerbitzuan laguntzeko eskaera egin diete egun horretan euren kargu umerik ez duten gizonei. Prest daudenek m8gizonekzer@gmail.com helbidera idatzi behar dute. Mendaron, berriz, elkarretaratzea antolatu du Tratu Onen Aldeko Taldeak 12:00etarako Herriko Enparantzan, eta arratsalderako, Eibarren egingo den manifestaziora elkarrekin joateko gonbidapena egin du. Hala ere, bestelako ekintzak ere antolatu dituzte martxoaren 8aren harira udalek eta herriko eragile ezberdinek, elkarlanean. Hona hemen egitaraua:
ELGOIBAR
Martxoak 7, eguena, 21:30

  •  Quién te cantará filmaren emanaldia, Herriko Antzokian.

Martxoak 9, zapatua, 9:00-12:00

  •  Autodefentsa tailerra emakumeentzat. Kiroldegian.

Martxoak 9, zapatua, 12:30 / 15:00 /20:00

  • 12:30ean, Sustrai akordeoi taldearen kontzertua, Kultur Etxeko Sotoan.
  • 15:00etan, bazkaria eta dantzaldia Sigma jatetxean.
  • 20:00etan, Helduentzako ipuin musikatua: Munduko emakumeak. Kultur Etxeko Sotoan.

Martxoak 11, astelehena, 18:00-20:00

  • ‘Berdintasuna denon kontua da’ saioa Zipriztintzekoekin, berdintasunaren aldeko Ermuko gizon taldekoekin. Loredi Salegik dinamizatuko du saioa. Kultur Etxeko hitzaldi gelan.

Martxoak 15, barixakua, 21:30

  • Zine foruma. ‘Las sufragistas’ filma ikusi eta komentatuko dute. Kultur Etxeko hitzaldi gelan.

Martxoak 20, eguaztena, 18:00

  • ‘Tratu ona adineko pertsonei’ solasaldia Maria Jesus Goiekoetxearekin, Musika Eskolako auditoriumean.

•MENDARO
Martxoak 9, zapatua

  • Trinitate parkea morez jantziko dute Gaztelekukoek.

Martxoak 13, eguaztena, 17:30

  • Estibaliz Gonzalez ipuin kontalaria, Ludotekan. Herri osoarentzat.