Emakumeentzako Jabetze Eskolak bost ikastaro emango ditu martxotik maiatzera bitartean

Barren.eus 2019ko ots. 15a, 12:05

Norbere burua maitatzen ikasi, autodefentsa feminista, erotika femeninoa, mindfulnes eta hausnarketa tailerra emango dituzte aurten emakumeentzako Elgoibarko Jabetze Eskolaren barruan, martxotik maiatzera bitartean. Ikastaro guztiak doan izango dira.

Ikastaroetan izena emateko epea martxoaren 4ra arte egongo da zabalik. Interesatuek Herritarren Arretarako Zerbitzuan edo www.elgoibar.eus webgunean eman beharko dute izena. Plazak mugatuak izango dira.

Gure burua maitatzen ikasi izenekoa izango da emango duten estreinako ikastaroa. Hamar orduko ikastaroa izango da, martxoaren 12an eta apirilaren 9an, Kultur Etxeko sotoan. Eider Perez coach elgoibartarrak gidatuko ditu saioak. "Umetatik jasotzen ditugun mezu eta sinesteek, gure genero identitatea zehazten dute. Eta gainera, pelikula edo liburuetako istorioek, zein pertsonaien rolek, umetatik amodio erromantikoaren mitoa barnerarazten digute. Izan ere, askok ez dakite zer den erlazio toxiko bat, errespetua galtzearen edo eta norberaren askatasuna galtzearen adibide argiak. Honegatik guztiagatik, mingarria ez den era batean maitatzen ikasi eta maitatua izaten landuko dugu. Norbera ezagutu, errespetatu, zaindu, aintzat hartu eta maitatu. Hori da ikastaroaren helburua. Besteen maitasunaren zain egon beharrean, norberaz maitemintzea delako erlazio osasungarriez gozatzeko pausurik garrantzitsuena", azaldu dute. Euskaraz zein gaztelaniaz emango dute.

2019 02 15 jabetzeeskola elgoibar kartela