Memoria eta transmisioa lantzeko Bizikidetza Jardunaldiak otsailaren 19an hasiko dira

Barren.eus 2019ko ots. 13a, 14:11

Elgoibarko Udalak eta Herritarren Bizikidetza Taldeak bakeaz eta bizikidetzaz hausnartzeko jardunaldiak antolatu dituzte, eta aurten, memoria eta transmisioa landuko dituzte. Otsailaren 19an izango da lehenengo emanaldia: Bizimiñak antzezlana eskainiko du Itzel konpainiak.

Itziar Eliasek, Maddi Irazokik eta Dani Irazokik antzerkia, pintura eta musika nahastuko dituzte urte luzez bizitako minaz eta haren bueltan dabiltzan gaiez berba egiteko. Gatazka armatuak zuzenean eragin dien pertsona batzuen lekukotzak tartekatu ditu Itziar Elias antzerkigileak 'Bizimiñak' antzezlana sortzeko. Eliasek gainean zeraman gaia aspalditik, baina 2016. urteko abenduan zerbaitek klak egin zion barruan. Jon Maia bertsolariaren Kanta bat gara poema entzuterakoan izan zen. Egun haietan, Arnaldo Otegi espetxetik atera berria zen, eta ekitaldia antolatu zioten hari ongi etorria egiteko. Han irakurri zuen testua Maiak, eta oihartzun handia izan zuen. Hor izan zen. "Garaia zela iruditu zitzaidan", aitortu zuen antzerkigileak Berria egunkariari eginiko adierazpenetan. "Oihartzun potolo hark jende pila bat mugitu zuen. Ikusi nuen hemen bazegoela kontatu behar bat eta memoria egin behar bat, eta ez zela nirea bakarrik". 

Otsailaren 19an, martitzena, emango du Itzel konpainiak  Bizimiñak antzezlana Elgoibarko Kultur Etxeko sotoan, 19:00etan. 

  • Otsailaren, 26an, bestalde, gazteria, transmisioa eta memoria izango dituzte hizketagai Leire Ostiza Mugicak, (Zientzia Politiko eta Zuzenbidean graduatua, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko Bake eta Bizikidetza teknikaria) eta Iker Usonek (Gizarte langilea eta bakegintzan espezializatua).
  • Azkenik, martxoaren 6an, gertuko nahiz urruneko historia egunkarietako biñetetan nola jaso den azalduko dute Txema Uriarte historialariak eta Edorta Arana EHUko irakasleak.

Bizikidetza Jardunaldiei buruzko informazio osoagoa barren.eus-eko Komunitatean

 Lotura duten albisteak: