Emozioak eta pentsamenduak kudeatzen ikasteko tailerra emango du Urko Arozenak

Barren.eus 2019ko ots. 12a, 13:19

Barrua lantzen ikasteko doako tailerra emango du Urko Arozenak, domekan, Elgoibarren. Entrenamendu Mentalean aditua da Arozena. Norberak emozioei jaramon eginez bere burua ezagutzea ezinbestekotzat jotzen du, eta hori erakusten saiatzen da bere ikastaroetan.

Urko Arozena Muxika (Oiartzun, 1971) musikaria eta Musikeneko irakaslea da, baina duela urte batzuk konturatu zen ez zela gustura bizi, eta egoerari buelta ematen lagundu zion tresna bilduma ezagutu zuen orduan. Zoriontasuna "erabaki bat" dela ere ikasi zuen eta orain pozik bizi dela dio. Ikasitakoak bere egunerokoan aplikatzeaz gainera, gainerakoekin ere partekatu nahi ditu eta Entrenamendu Mentala izeneko ikasaroak ematen ditu han eta hemen. Domeka honetan, otsailaren 17an, Elgoibarko musika eskolan emango du ikastaroa, Barrua lantzeko tailerra, emozioak eta pentsamenduak izenburupean. 11:00etan hasiko da saioa eta debalde izango da. Izena emateko loramen@dantzan.com helbidera idatzi behar da edo honako telefono zenbakira deitu: 696 874 842.

Hona hemen antolatzaileek ikastaroaren inguruan azaldurikoa:
"Energia gara. Energia gorputz fisikoan. Ipar haizea sartzerakoan lainoen antzera etengabeko mugimenduan gabiltza, lurrin itsaso baten gisan. Eta hala bizi gara: sentipenen gorabeheraz emozioen dantzan.
Saio honetan, barruan bizi dugun horri so, ohartu, onartu eta gure erabakien ondorioak biziko ditugu. Neurri handi batean, aurretik hartutako hainbat erabakiren ondorioa gara gu. Etorkizunean zer izan nahi dugun erabaki dezagun.
Gure barruko unibertsora erreparatzen dugunean, zer nolako beharrak, zer nolako desirak eta haiekiko zenbaterainoko ardura daukagun konturatu gaitezke. Hor dago benetako ahalmena: kanpoan dagoena dagoela, barrura erne, barrua elikatu, barrua mimatu, barrua maitatu eta sentitzen dugun horren arabera jokatu. Kanpoan barruko ispilua daukazu. Ikasteko aukera aparta.
Zure bizitza zure erabakia da. Kanpoan gertatuko dena ez bezala, barruan nola erreakzionatuko duzun zure esku dago, zure esku bakar bakarrik. Eta guzti hau barneratzen hasi asmoz, hainbat errekurtso praktikan jarriko ditugu".