Beste hamar urterako hitzarmena berritu dute Elgoibarko Udalak eta Agifesek

Barren.eus 2019ko urt. 28a, 14:20

Buru Osasun Arazoa duten Pertsonen eta Senideen Gipuzkoako Elkartea da Agifes. Elkarte honek Elgoibarko Udalak lagatako bi etxebizitza kudeatzen ditu Elgoibarren, eta hala egiten jarraituko du datozen urteetan, beste hamar urterako berritu baitute hitzarmena Udalak eta Agifesek.

2009an Elgoibarko Udalak eta Agifes elkarteak sinatu zuten hitzarmena beste hamar urterako berritu dute bi aldeek gaur eguerdian udaletxean. Elgoibarko alkate Ane Beitiak eta Agifeseko gerente Ruth Encinasek hartu dute parte sinadura ekitaldian. 

Duela hamar urte sinatutako hitzarmenaren barruan, Artetxe kalean bi etxebizitza laga zizkion Udalak Agifesi, gaixotasun mentala duten pertsonentzako zaintzapeko etxebizitza bat egokitzeko. 2010eko urrian inauguratu zuten.

 • Lau erabiltzaile elgoibartar
Etxebizitzak zazpi plaza ditu eta une honetan guztiak beteta daudela jakinarazi dute arduradunek. Hamar urteotan hamasei lagunentzako bizitokia izan da, uneren batean edo bestean. Batzuk egonaldi luzeak egiten dituzte, urteetakoak; eta, motzagoak besteek. Ruth Encinasek hainbat daturen berri eman du hitzarmenaren sinadura ekitaldian. "Agifesek 1.000 bazkide ditu Gipuzkoan, horietatik 64 dira Debabarrenekoak eta hamar elgoibartarrak dira. Zaintzapeko etxebizitzen erabiltzaileei dagokionez, 300 lagunek erabiltzen dituzte halako etxeak Gipuzkoan, 33k Debabarrenan eta horien artean lau elgoibartarrek". Gipuzkoako Foru Aldundiak aukeratzen ditu erabiltzaileak.

 •  Autonomia maila altuena lortzea helburu
Gaixotasun mentala duten pertsonen eguneroko bizitzarako gaitasunak indartzea da zerbitzu honen helburua, ahalik eta autonomia maila altuena lortu ahal izateko. Elgoibarko zaintzapeko etxebizitzaren kasuan gainbegiratze baxuko erregimenean bizi dira gaixoak, alegia, euren autonomia lantzeko teknikari baten bisita jasotzen dute egunero zenbait orduz. "Psikologoak eta gizarte laguntzaileak joaten zaizkie laguntzera, erabat autonomoak izan daitezen baita helburua. Lortzen ez badute, gainbegiratze maila altuagoko etxebizitzetara edo erresidentzietara bideratzen ditugu".
Ane Beitiak esan duenez, Udalak kolektibo honen, gaixorik dauden pertsonen eta beraien familien, bizi-baldintzak hobetzeko hartutako konpromisoari erantzun bat ematen dio hitzarmenaren berritzeak. "Elgoibarrek dituen beharrizanetarako egokia den baliabide bat dela uste dugu", esan du. Era berean, gizarte zerbitzuak udalaren eguneroko kudeaketan "ildo estrategikoa" direla azpimarratu du Beitiak, gizarte solidario, kohesionatu eta inklusibo bat eraikitzeko benetako protagonista direla adieraziz.
Agifeseko ordezkari Ruth Encinasek eskerrak eman dizkio Elgoibarko Udalari, azken urte hauetan emandako babesagatik eta beste behin ee, Agifesen proiektuan sinesteagatik. "Gure helburua nagusia da buruko gaixotasunak dituzten pertsonen integrazioa eta normalizazioa sustatzea; gaixoen bizi baldintzak hobetzeko eta horien beharrizanak asetzeko. Hori guztia lortzeko, gaixoen autonomia eta gaixoen giza garapena sustatzen dugu, gaixo hauei bizkortzen eta gizarteratzen laguntzeko. Horrez gainera, laguntza eta babesa ematen diegu senideei eta zaintzaileei".

∞Lotura duten albisteak: